«Alex de la Iglesiak ondo daki egiten duena zergatik egiten duen»

Bilbon jaiotako zinemagileari buruzko liburu bat argitaratu dute Jesus Angulok eta Antonio Santamarinak

Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Baionan, Bilbon, Donostian eta Gasteizen Alex de la Iglesia zinemagilearen filmografiaren atzera begirakoa eskaini eta gero, Jesus Angulo eta Antonio Santamarinaren Alex de la Iglesia. La pasión de rodar (Alex de la Iglesia. Filmatzeko pasioa) liburua eman du argitara Euskadiko Filmategiak. Bilbotar zinemagilearen obraren berri ematen du liburuak, azterketa lan baten eta elkarrizketa luze eta sakon baten bitartez batik bat. De la Iglesiaren filmografia eta askotariko irudiak ere eskaintzen ditu liburuak, tartean, argazki eta fotogramez gain, zinemagileak egindako marrazki ugari.

Liburuaren ekarpenik garrantzitsuena elkarrizketa da, Jesus Anguloren iritziz. Iazko abuztuan elkarrizketatu zuten Angulok eta Santamarinak De la Iglesia, lau egunez, Madrilen. «Bilduma honen barruan egin ditugun gainerako liburuetan ere elkarrizketari eman diogu batez ere garrantzia. Bilduma bereko liburu baten ardatza den beste zinemagile batek, Enrique Urbizuk, esaten du zinemagileen liburu autobiografikoetatik edo elkarrizketa liburuetatik ikasten duela benetan, kritikariek idatzitakoetatik baino gehiago. Guk hasieratik pentsatu izan dugu egileak izan behar zuela liburuko protagonista».

Kaos kontrolatua

«Bere filmetan egiten duen guztia zergatik egiten duen oso ondo dakien zinemagilea da Alex de la Iglesia», Anguloren iritziz. «Haren filmetan ageri den metaketa barrokoaren barruan, badaki gauza bakoitza dagoen lekuan zergatik dagoen, kamera zergatik mugitzen den mugitzen den bezala. Itxuraz horren kaotikoa dirudien zinema hori aldez aurretik oso ondo aztertua eta kontrolatua dago, eta nik uste dut egilea bera dela horren berri emateko pertsonarik egokiena».

«Generoek erakartzen duten zinemagilea da De la Iglesia», eta haren filmak «generoen arteko nahasketak» dira kasurik gehienetan. «Horrek ez dio, hala ere, egile zinema dei daitekeena egitea eragozten. Egilea da, hitzaren zentzurik beteenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.