Bilboko Guggenheim museoak Alex Katz artista estatubatuarraren (New York, 1927) 11 margolan erosi ditu. Artelan sortak Smiles izenburua du (Irribarreak), eta 1993. eta 1994. urteetan sortutako lanak biltzen ditu. Guztira, 1,7 milioi dolarordaindu du Guggenheimek (1,2 milioi euro), museoak jakitera eman duenez. Erosketa horiekin, AEBetako artisten bilduma handitu du museoak, eta, hala, aurretik erositako Robert Rauschenberg, Andy Warhol eta James Rosenquist artisten lanak osatu.
Hondo neutro eta ilun baten aurrean dauden emakumezkoen 11 erretratuk osatzen dute saila. Emakume guztiak ageri dira irribarrez. Modelo modura arituriko batzuk artistaren ingurune gertuenekoak dira; emaztea edota Lauren Hutton laguna, besteak beste. Museoak berak jakitera eman duenez, lan guztien bildumak iragarki panel baten tankerako zerbait osatzen du, hainbat ataletan zatikatua, eta espazioa gailentzen da. Guggenheim museoak azaldutakoaren arabera, Alex Katzen lanek erakusten dute posible dela neurri handiko pintura figuratibo konplexuak sortzea heroismo erretorikoan erori gabe eta indarra esentzian jarrita.
Cooper Union School of Art eskola prestigiozkoan ikasi zuen Katzek. Bere belaunaldiko artista garrantzitsuenetakotzat jotzen dute, errealismo berria aurreikusteko gai izan zelako pop arteari heldu aurretik, besteak beste.
Helsinkikoa, Bilboren esku
Bilboko Guggenheim museoak otsailean erabakiko duHelsinkin (Finlandia) beste museo «biki» bat eraiki dezaten nahi duen ala ez. Bilbori dagokio erabakia hartzea, Amerikako Estatu Batuetako Fundazioarekin eginda daukan hitzarmenaren arabera Europan eraiki litekeen beste edozein museori betoa jartzeko eskubidea baitu. Richard Armstrong New Yorkeko Guggenheim museoko zuzendariaren iritziz, «ez legoke inongo arazorik biak oso urrun baitaude».
Alex Katzen 11 margolan erosi ditu Guggenheim museoak, 1,2 milioitan
Irribarrez ageri diren emakumeen erretratuek osatzen dute bilduma, eta 1993 eta 1994an sortuak dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu