Artea

Alice Neel artistaren atzera begirakoa zabaldu du Bilboko Guggenheim museoak

Sortzailearen ia sei hamarkadako ibilbidea aztertzen du erakusketak ia 100 obrarekin. Erretratugintzan nabarmendu zen, nagusiki, eta esanguratsuak dira amatasunari zein sexualitateari eskainitako lanak ere.

Emakume bat, Alice Neel artistaren 'Soldadugai beltza' koadroari begira. ARITZ LOIOLA/FOKU
Inigo Astiz
2021eko irailaren 16a
15:34
Entzun

«Arimen bildumagile bat». Definizio horrekin deskribatu zuen bere burua Alice Neel artista estatubatuarrak (Pennsylvania, AEB, 1900- New York, 1984), eta ideia hori baliatu dute Bilboko Guggenheim museoko ordezkariek ere haren lanaren nondik norakoak azaltzeko, Lucia Agirre komisarioaren hitzetan, irudikatutako jendearen izaerarik sakonena harrapatzen baitzuen artistak bere erretratuetan. Haien arima. «XX. mendeko artistarik onenetako bat da», azaldu du komisarioak lehenik, eta gero gehitu du oharra: «outsider bat izan zen». Abstrakzioa gailendu zenean, figurazioari eutsi zion; artearen zentro izandako guneetatik aparte eman zuen bizitza ia osoa, batzuetan, baita pobrezia betean ere; eta amatasuna, emakumeen sexualitatea zein biluziak lantzeko zuen erak ere ez zuten haren zabalpena erraztu. Ia hiru hamarkadako lanaren ostean, 1960ko hamarkadan bakarrik egin zuen gora haren ospeak, mugimendu feministaren agerpenari esker, baina Europan, esaterako, oso erakusketa gutxi eskaini zaizkio gaur egunera arte. Erreskate ariketa baten pare irudikatu du horregatik komisarioak Bilbon eskaini zaion ia 100 obra inguruko atzera begirakoa. Alice Neel: pertsonak lehenbizi deitu dute bilduma, eta otsailaren 6ra arte egongo da ikusgai.

«Humanista anarkikoa»

Kronologikoki antolatuta, 30eko hamarkadako koadroekin hasten da erakusketa, eta sasoi hartan Kuban egin zuen urtebeteko egonaldiak bere pinturan izan zuen eragina nabarmendu du komisarioak. Kontzientzia politiko eta soziala orduan piztu zitzaiola azaldu du Agirrek, eta agerikoa da hori lehen aretoan bertan ikus daitezkeen manifestazioei eskainitako irudietan. «Humanista anarkikoa» zela esaten zuen bere buruaz artistak, baina komunismotik gertu eman zuen ideologikoki bizitza osoa. FBIk ere ikertu zuen denbora batez horregatik, baina, komisarioaren hitzetan, ez zen sekula inongo mugimenduren parte izan. «Bere obraren bidez izan zen militante».

Hain zuzen ere, New Yorkeko Ekialdeko Harlem auzoan bizilagun izan zituen biztanleei eginiko erretratuak izan daitezke horren froga. «Hiriaren intra historia kontatzen dute lan horiek», azaldu du Agirrek. Bertan dira senarrak jipoitzen zuen laguna, ingelesik hitz egiten ez zuen Puerto Ricoko migranteen umea, tuberkulosiz gaixotutako auzokidea,... Guztiak gertutasunaren eta gordintasunaren arteko punturen batetik margotuta, eta, batzuk, tarteka, Paul Cezannen zein Egon Schielleren eragin agerikoekin. «Eta, halere, guztiak dira oso Neel», gehitu du komisarioak.

Amatasunaren hamaika ertzak

Lehen mailako generoa zen erretratugintza artistarentzat, eta haren hitzak dira horren erakusgarri. «Beste ezein baliabidek ez bezala islatzen dute bere garaia. Erretratuek kalitate artistikoa dutenean, kultura, unea eta askoz ere gauza gehiago islatzen dituzte». Aurpegi horiek guztiek, nolabait ere, historiaren aurpegiak ere badirelako, egilearen hitzetan. «[Pertsona baten erretratua] pintura bat da eta, gainera, zeigeist-a da, garaiko espiritua».

Haurdunaldia, erditzea, umeen zaintza, edoskitzea, eta amatasunari lotutako beste hainbat ertz lantzen dituzten koadroak topatuko ditu bisitariak erakusketan. Alegorien babesik gabe irudikatzen ditu guztiak Neelek. Gordin jokatzeraino erori gabe, idealizazioraino hegaldatzeko tentaziorik gabe. Bere horretan. Lan horien «zintzotasuna» azpimarratu du erakusketako komisarioak. Neelek berak halaxe azaldu zuen auzia elkarrizketa batean: «[Haurdunaldia] ez da interesatzen zaidana; bizitzako gertakari soil bat da. Bizitzan garrantzi handia duen parte bat da, bana ez zaio jaramon egin. Nire iritziz, gai gisa, zilegi da zeharo, eta jendeak, apaltasun faltsuak edo epeltasunak bultzatuta, ez du inoiz erakutsi».

Miseria eta sexualitatea

Bere bizialdian kolpe gogorrak jaso zituen artistak, eta zauri horien isla ere igar daiteke margotu zituen motiboetan. Galdu zuen senarra, hil zitzaion lehen alaba, bikote izandakoak hamaika koadro suntsitu zizkion zelo eraso betean, eta bertatik bertara ezagutu zituen gizonezko medikuek gidatutako emakumezkoentzako ospitale psikiatrikoak. Bizipen horien guztien arrastoa ere igar daiteke bere koadroetan. Bronxen erabateko eskasian bizi zenean ezagututako ospitalea irudikatzen du, esaterako, 1928 eta 1929an margotutako Pediatria-klinika lanak. Giza gorputz eta erditze iskanbila moduko bat da irudia, intimitate arrastorik gabeko haragi eta min kaos bat. Eta eskuinaldeko bigarren planoan daude artista eta haren alaba ere.

Sexualitateak eta desirak ere areto oso bat hartzen dute, eta, bertan, artistak biluziak lantzeko zuen modu aske eta zintzoa ikus daiteke Bikotekide zein amorante izandako hainbat gizonekin batera ageri da bertan artista bera, eta 80 urte zituela bere buruari egindako autorretratu batek ixten du espazio hori.

Gerrak ebakitako bizitza

Horiez guztiez gain, erakusketan badira hiria irudikatzen duten paisaiak, natura hilak zein kultur munduko hainbat jenderi egindako erretratuak ere. Eta aretoak gurutzatu ahala, Neelen pinturak izandako garapena ere igarriko du bisitariak. Handiagoak dira azken urteetako koadroak, artistaren bizimodua erraztuz joan zen seinale, eta gutxika-gutxika detailez biluzten ere igar daitezke erretratuak, urteekin, erretratugilea bakarrik erakusteraino. Solteagoa da trazua, koloretsuagoa irudia.

1965ean margotutako Soldadugai beltza izeneko koadroa jarri du komisarioak Neelen ibilbidearen laburpentzat. Kasualitatez ezagutu zuen artistak James Hunter soldadugaia. Astebete geroago zen Vietnamera joatekoa, eta, ohi zuenez, erretratua egiteko bi saio adostu zituen harekin pintoreak. Lehen saioan gaztearen aurpegiari eta ezkerreko eskuari eskaini zion nagusiki, eta, kontrastean, lerro azkar soil batzuekin utzi zituen marraztuta gerora, bigarren saioan landu asmo zituen gorputza, aulkia eta hankak. Ez dago argi zergatik, baina Hunter ez zen bigarren saiora azaldu, eta, orduan, koadroa lehen saioan utzi bezala eman zuen burututzat artistak. Agirre: «Teknikoki bukatu gabe egon arren, bukatutzat eman zuen, horrela gerrak bizitza bat nola ebaki zuen erakusteko».

New Yorketik Bilbora

Hiru erakunderen arteko lankidetzaren emaitza da erakusketa. Bilboko Guggenheim museoak ez ezik, Metropolitan Museum of Art-ek eta San Frantziskoko Arte Ederren museoak ere hartu dute parte. Urte hasieran egon zen ikusgai New Yorken, lehenik, eta Iberdrolak babesarekin heldu da orain Bilbora. Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendariak eskerrak eman dizkio elektrizitate konpainiari horregatik, eta, onartu du azken urtea «bereziki konplikatua» izan dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.