Zinema. Estreinaldiak

'Alien'-ekin lotuta, baina bestelakoa

Zientzia fikzioko klasiko handiaren prekuela moduko bat da Ridley Scotten 'Prometheus' filma

Ridley Scotten Prometheus filmeko irudi bat. Alien filmaren aurrekari moduko bat da, nahiz eta geroago filmatua izan. KERRY BROWN / BERRIA.
Gontzal Agote.
2012ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Zientzia fikzioaren generoko klasiko garaikiderik handienetakoa da Alien. Ridley Scottek 1979an egin zuen zortzigarren bidaiariaren inguruko suspensez beteriko maisulan klaustrofobikoa. Berriki hil den H.R. Giger artistak sortu zuen izaki beldurgarriarekin batera, Sigourney Weawerrek zuen rol protagonista, Ripley tenientearena egiten.

Scottek hiru urte geroago zuzendu zuen beste film handi batekin gertatu zen bezala, Blade RunnerAlien-ek izugarrizko arrakasta izan zuen, eta berehalako klasiko bihurtu zen. Hala ere, Blade Runner-ekin ez bezala, hasierako Alien horrek segida izan zuen beste hiru pelikulatan, baina horiek ez ziren jatorrizkoaren mailara ailegatu. Orain gutxi ere, Alien vs. Predator izeneko pelikula komertziala ekoitzi zuen Fox etxeak.

2000. urtetik aurrera asko izan dira Alien-en balizko pelikula berriaren inguruko esamesak eta zurrumurruak. Horren inguruan galdetzen zitzaienean, Scottek zein Weaberrek ez zioten atea ixten Alien sailaren pelikula berri bati; erantzun horiek, jakina, are gehiago hauspotzen zuten zaleen itxaropena.

James Cameron bera hasi omen zen prekuela baten inguruan lanean. Baina begirada guztiak Scottengana zuzentzen ziren. Ausartuko al zen Alien-en sortzailea prekuela edo gisakoren bat egiten? Azkenean, 2009an erantzuna ailegatu zen Fox etxeak Scott proiektu horretan lanean hasia zela baieztatu zuenean.

Dena den, berehala sortu ziren zuzendariaren eta ekoiztetxearen arteko lehenengo tirabirak. Scottek ez zuen pelikula zuzendu nahi; ekoizle rola gorde nahi zuen beretzat. Horrez gain, bi parte izanen zituen film sorta batean ari zen pentsatzen.

Baina Foxek ez zion halakorik onartu. Nahitaez Scottek berak izan behar zuen zuzendaria, eta proiektuak ezin zuen izan hasiera batean iragarritako 250 milioiko aurrekontua. Horrez gain, zuzendariak filmaren gidoia egokitu beharko zuen, estreinaldi komertzial indartsu bat bermatzeko. Izan ere, hasiera batean pelikulak R sailkapen beldurgarria jasotzen ahal zuen, baina hainbat aldaketa eginda PG -13ra egokitu nahi izan zuten.

Sekretupeko filmaketa

Tirabirak tirabira, proiektuak aurrera egin zuen. Hasiera batean izenburuak Paradise izan behar zuela zabaldu bazen ere, azkenean Prometheus finkatu zen. Eta beste gauza asko aldatu ziren bide horretan: Alien-en prekuela bat izan behar zuela iragarri bazen ere, azkenean filma bide propioa hartzen hasi zen. Nonbait, pelikula ospetsuaren hainbat ezaugarri mantenduko zituen, baina ez zuen berez prekuela bat izan behar. Mundu eta giro berean gertatzen dira bi istoriook, baina bata ez da bestearen aurrekaria. Prometheus lehen Alien baino lehenago dago girotuta, XXI. mendearen amaieran.

Nolanahi ere, gauza gutxi jakinarazi dute Prometheus-ek kontatzen duenaren inguruan. Sekretu handiz, Ingalaterran, Islandian eta Espainian egin zen filmaketa, baita ondorengo post-produkzioa ere. Horiek horrela, gaur egun gauza gutxi dakigu istorioaren inguruan.

XXI. mendearen amaieran, antzinako hainbat kulturaren izarrarteko mapa bat aurkituko dute. Hori dela eta, Prometheus espaziontzia misio batera bidaliko dute; mapa horiek jarraikiz, gizateriaren jatorria deskubrituko beharko dute. Zeregin horretan, oso garatuta dagoen arraza estralurtar bat aurkituko dute, eta, horrekin batera, gizateriarentzako mehatxu handi bat.

Azkenean, Sigourney Weaver ez da film honetan, horren ordez aktore gazte bat jarri du Scottek protagonista lanetan, Noomi Rapace. Haren ondoan, puntako beste aktore batzuk daude, Michael Fassbender, Guy Pearce eta Charlize Theron, besteak beste.

'PROMETHEUS'

Zuzendaria: Ridley Scott.

Aktoreak: Noomi Rapace, Michael Fassbender, Charlize Theron, Idris Elba, Guy Pearce, Patrick Wilson.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2012.

Iraupena: 135 minutu.

Estrenaildia: Gaur estreinatuko dute Ipar Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.