Aljeriako monjeen egunerokoa

Bortizkeria, fedea eta errespetua landu ditu Xavier Beauvoisek 'Des hommes et des dieux' film laudatuan

Des hommes et des dieux filmeko irudi bat. - / BERRIA.
Gontzal Agote.
2011ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Gertuko historian oinarritu da Xavier Beauvois erlijioa, errespetua eta tolerantziaren inguruko pelikula egiteko. 1996. urtean egoera latza zen Aljerian. Batetik, GIA talde islamiarreko etengabeko ekintza armatua; bestetik, Gobernuaren menpe zegoen armada eta Poliziaren gehiegikeriak. Testuinguru horretan, Frantziako monje zistertarren talde bat Tibhirinen, Aljeriako mendietan, bizi zen. Kanpoko mundutik ia guztiz bakartuta, erlijioso horiek otoitzari eta meditazioari emanak bizi ziren.

Egoeraren nahasiak ez zituen bakean bizitzen utziko. Frantziako Gobernuak bertatik ateratzeko agindua eman zien, baina monje taldeak bertan gelditzea erabaki zuen. Ezkutuko gerra baten erdian, monjeak beren ohiko bizimoduarekin segitzen saiatuko dira, baina ezin. Talde horren egunerokoa da Beauvoisek Des hommes et des dieux pelikulan jaso nahi izan duena. Inguruan dagoen gatazka politiko bortitza bainoago, monjeen bizimoduari erreparatu nahi izan die zuzendari frantziarrak. Ez da erlijioaren gaineko filma, baina izpirituzko elementu ugari ditu. Kontsumo mundutik kanpo bizi diren pertsona horiek zinemagilearen arreta piztu zuten, horrela sortu zen filma egiteko ideia.

Berez oso elementu komertzialak ez baditu ere, pelikulak arrakasta handia ezagutu du Frantzian, iaz gehien ikusi zenen artean egoteraino. Are gehiago, hainbat sari inportante ere eskuratu ditu; inportantena iazko Cannesko jaialdian lortu zuen, Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi baitzuen. Horrez gain, Des hommes et des dieux Frantzia ordezkatuko du hurrengo Oscar sarietan.

Gehienbat aktore lanetan ezagutu dugu Xavier Beauvois; tarteka, patxada handiz, pelikularen bat egiten du. Lehena 1991n izan zen, Nord, eta honekin bosgarrenera ailegatu da. Normalean berak zuzentzen dituen lanetan aktore lanak ere egin ohi ditu Beauvoisek, baina kasu honetan nahiago izan du protagonismo osoa monjeen esku uztea.

'DES HOMMESET DES DIEUX'

Zuzendaria: Xavier Beauvois. Aktoreak: Lambert Wilson, Michael Lonsdale, Olivier Rabourdin, Jacques Herlin, Sabrina Ouazani, Goran Kostic.

Herrialdea: Frantzia.

Urtea: 2010.

Iraupena: 120 minutu.

Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.