Almodovarren 'Volver'-i harrera ona egin diote Cannesen

AGENTZIAK CANNES
2006ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Atzerrian uler zaitzaten hoberena horretan ez saiatzea dela esan zuen atzo Pedro Almodovarrek Cannesen. Volver bere azken filmaren txanda zen atzo Cannesko zinemaldian, eta kazetarientzat egindako proiekzioan txaloak jaso zituen espainiarrak. Richard Linklaterren Fast foof nation-ek ere ez zuen harrera txarra izan.

Urrezko Palma irabazteko faboritoen artean kokatu dute kritikari askok Volver, baina duela zazpi urte Almodovarren Todo sobre mi madre (1999) ere faborito argienetakoa zen, eta azkenean ez zuen irabazi. Aurtengo epaimahaiarekin «sintonia» daukala esan ondoren, Todo sobre mi madre-ren urtean «epaimahaiak bere aurka izan zuen jarrera» oztopo handiegia izan zela gaineratu zuen. «Volver-ek Espainiako ikuslea hunkitzen asmatu du, atzerriko ikuslearekin ere asmatuko ote duen da misterioa orain». Ama-alaben arteko harremanen eta bukatzeke dauden egitasmoen istorioa da Volver, zuzendariak bere haurtzaroari erreparatu dion filma.

'FAST FOOD NATION', IKUSLEEN GUSTUKO. Volver-ek eskuratu zuen atzo kazetari gehienen arreta, baina Richard Linklaterren Fast foof nation ere eman zuten sail ofizialaren barruan. Cannesen 2004an irabazi zuen Fahrenheit 911 edo Super Size Me tankerako salaketa bidean egina da Fast food nation, baina elikadurarekin lotutako salaketa kezkagarriari fikzio satirikoaren mozorroa jarri diote. Patricia Arquette, Ethan Hawke, Gregorio Kinnear eta Kris Kristofersonen presentziak nortasuna ematen dio filmari. Bruce Willisek ere badu cameo txiki bat, edo, hobeto esanda, haren ahotsak. Hanburgerrak saltzen dituen multinazional bateko exekutiboa da Kinnear filmean. Hanburgerrak zergatik kutsatzen ari diren ikertu beharko du eta deskubritzen duen errealitatea beldurgarria izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.