Altxor ezezaguna zabaltzeko

50 urte beteko dira urriaren 28an Altxerriko koba aurkitu zutenetik, eta erakusketa egingo dute

Altxerriko kobazuloan indusketa lanetan, 1962an. ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA.
Donostia
2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Elkarlanean aritu dira Aranzadi zientzia elkartea eta Aiako udaletxea, Altxerri kobazuloaren aurkikuntzaren 50. urteurrenaren harira berau hobeto ezagutarazteko. Horretarako, erakusketa bat antolatu dute, eta gaur arratsaldetik hasita ikusi ahal izango da. Oriotik Aiako Olaskoegia auzorako errepidea eraikitzeko lanetan, harrobi batean dinamita zartatuta, zulo bat utzi zuten agerian. Handik sartu ziren, orduan gazteak ziren Juan Cruz Bikuña, Javier Migliaccio eta Felipe Aranzadi espeleologoak, eta hainbat labar pintura aurkitu zituzten. Joxe Migel Barandiaranengana jo zuten aurkikuntzaren berri emateko. Haien antzinakotasuna zela eta, itxi egin zuten kobazuloa, artelanak babesteko.

Euskal Herrian dagoen gisa honetako ondareen artean garrantzitsuenetarikoa bada ere, «ezezagun handi» gisa definitu du Igor Iturain Aiako alkateak. Hori dela eta, aurkikuntzaren urteurrenaz baliatu nahi dute egoera horri buelta emateko. Erreplikarik egiteko asmorik ez dutela adierazi du, Zestoan Ekain kobazuloarena egonda, horren eremu txikian beste bat egiteari zentzu handirik ez diotelako ikusten. Hamabostaldiarekin, aztarnategiak duen garrantzia gizarteari erakutsi nahi diote, adituen esanetan Praileaitz, Santimamiñe eta Ekaingo kobazuloen parean aurkitzen baita. Diputazioak babestu, zaindu eta erakusteko konpromiso irmoa adierazi du.

Erakusketan, margolanen eta grabatuen panelez gain, horiek egiteko tresneriaren edta Mutrikun duela gutxi aurkitutako bufalo baten kaskezurraren erreplikak ere egongo dira ikusgai, besteak beste. Horrela, garaiko fauna eta bizimodua erakutsi nahi dizkiote bisitariari.

Madeleine aldiko faunaren argazki oso osatua dago bertan,bost metroko bufalo baten irudia, elur oreina, hartza, azeria, arrainak eta hegaztiak ere ageri dira, eta horrek bihurtzen du ondare hori horren berezi. Dena dela, indusketarik apenas egin den kobazuloan; ikerketa gehiago eginaz, garaiko eguneroko jardueren aztarnak ere aurkitzea espero dute ikertzaileek, hala nola su arrastoak edota tresneria.

Bestalde, datorren azaroaren 8an Viktoria Eugenia antzokian lehen hiru esploratzaile haiei omenaldia egingo diete, Werner Herzog zinemagilearen Ahaztutako ametsen haitzuloa film dokumentalaren emanaldiarekin batera, zeina 3D formatuan puntako teknologiarekin ikusi ahalko den.

Horrez gain, Oreka TX taldea eta Juan Luis Goenaga margolaria performance bat prestatzen ari dira, egun bererako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.