Altxorra agerian

'Phocus. Bilduma baten argazkia' erakusketa atondu dute Kutxa-Kubo aretoan, Kutxako Fototekako argazkiekinGuztira 316 argazki dauzka, Caparenak eta Doisneaurenak tartean, besteak beste

Hamar multzotan banatu dute Kutxa-Kuboa aretoko erakusketa, eta argazkigintzari eman zaion erabilera azaldu nahi zaio ikusleari argazkiekin. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Kutxaren Fototeka 38 funtsetako argazkiek elikatzen dute, eta 1.000 argazkilari baino gehiagoren 1.600.000 bat ale dauzka. Kopuru horiek kontuan hartuta, Europako argazkien artxibo garrantzitsuenetako bat da. Horietako batzuk aukeratu, 316 hain zuzen ere, eta Phocus. Bilduma baten argazkia erakusketa atondu dute Kursaaleko Kutxa-Kubo aretoan. Gaur irekiko dute, eta datorren maiatzaren 13a bitartean egongo da irekita. Cristina Beloki Kutxaren Ondare Artistikoaren zuzendariak «altxor bat» dutela adierazi zuen atzo, aurkezpenean. Eta altxor hori «partekatzeko», agerian uzteko, intentzioa daukate. Juantxo Egaña da erakusketaren komisarioa, eta hark egin du hautaketa: «Erronka polita izan da, baina hainbeste argazkiren artean aukeraketa lana egitea ez da erraza izan». Robert Capa, Julia Magaret Cameron, Jeremiah Gurney eta Robert Doisneauren argazkiak daude ikusgai, besteak beste.

Erakusketa argazkigintzan oinarritu dute. «Azkeneko 170 urteetan argazkigintzari [sortu zenetik, alegia] eman zaion erabileran», jakinarazi zuen Egañak. Horregatik, hamar multzo handitan banatu dute. Kamera iluna da aurrenekoa. Argazkigintzaren hasieraren hausnarketa egiten da horretan, eta argazki estudio bat ere berregin dute. Hurrengoan, Lehenengo prozesuak deiturikoan, altxorreko argazki bitxienetako batzuk ikus daitezke, XIX. mendeko egilerik garrantzitsuenen —Hippolyte-Auguste Collard, Jean-François Millet...— ferrotipoak eta anbrotipoak, esaterako.

Haren sorreratik unea jasotzeko eta lekuko izateko tresna aproposa izan zen argazkigintza. Horregatik, hirugarren multzoak Argazkilaritza antropologikoa dauka izena. Erretratua ere aldagai erabakigarria izan zen argazkigintza gizartean sakon sustraitzeko ahaleginean. Horri ere lekua egin zaio erakusketan. Paisaia-ri ere bai. Horiek irudikatzeko orduan, inguruneak bezala, argazkilariaren begiradak daukan garrantzia agerian uzten dute atal horretako argazkiek. Aipagarriak Iñurrategi anaiek eta Francis Frithek egindakoak.

Arkitektura da seigarren atala. 1864 eta 1865ean harresiak eraitsi ondoren Donostiak izandako metamorfosia kontatzen da. Enrique Saenz de San Pedro, Giuliano Mezzacasa edo Nikolas Lekuonaren lan bereziak daude ikusgai. Baina dokumentazio argazkigintza horrekin konparatuta, bestelako ikuspegia eskaintzen du Biluzia multzoak. XIX. mendeko biluz xaloak daude, Rafael Navarroren abstrakzioak, Alberto Schommerren berrikuntzak eta Constant Puyoren piktorialismoa, adibidez. Egun, oraindik, indarrean daude biluziak. Natura hila, ordea, ia guztiz galduta dagoen generoa da. Hasieran izaera sinbolikoa eduki zuen. Bitxikeria gisa, atal honetan Lumiere anaien hiru plaka autokromo daude; izan ere, haiek asmatu zuten koloretan argazkiak egiteko teknika, 1903an.

Karpeta katalogoa

Argazkigintza-kontakizuna-k, berriz, fotokazetaritzako irudiak bildu ditu, eta azkenekoak, Fotomekanika izenekoak, argazkigintzaren historian gutxien ezagutzen den gaia arakatzen du. Halere, erabakigarria da irudiak jendearenganaino nola iristen diren ulertzeko orduan. Ikusleari azalpen ugari eskaintzen zaizkio, irudiak aldizkari, lamina edo argitalpenetan nola sartzen diren ulertzeko ahaleginean.

Erakusketaren harira, eta katalogo gisa, Kutxak karpeta bat argitaratu du, jarritako lanen kopia batzuekin. Argazkietako asko www.kutxateka.com helbidean daude ikusgai. Oraingoz, Marin eta Fotocarren funtsetako 500.000 irudiak bildu dituzte, baina Belokiren esanetan, «pixkanaka» beste funtsetakoak ere jarri nahi dituzte sarean. Orduko Donostiako Aurrezki Kutxak 1973an sortu zuen Fototeka, Pascual Marin eta Fotocarren funtsekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.