«Altxorra» den ibilbide baten aitortza

Yosuke Yamashita pianista eta konpositore japoniarrak jaso du Donostiako Jazzaldia sarietako bat. Abdullah Ibrahim eta Enrico Rava dira 58. jaialdiko beste bi omenduak

Yosuke Yamashita pianista eta konpositorea, Donostiako Jazzaldia saria eskuetan, atzo goizean. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
2023ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
«Artista guztiz unibertsala da, eta Japoniako altxor nazional bat ere bai». Hitz horiekin aurkeztu du Miguel Martin Donostiako Jazzaldiko zuzendariak Yosuke Yamashita. Jaialdiaren 58. aldiko hiru Donostiako Jazzaldia sarietako bat jaso zuen piano jole eta konpositore japoniarrak atzo goizean, Eneko Goia alkatearen eskutik eta Martin aldamenean zuela, Viktoria Eugenia antzokian. Pozik agertu da bai sariarekin bai Donostiako publikoarekin. «Publiko izugarria da, eta oso eskertuta nago».

Ostiral goizean kontzertu bat egin zuen Yamashitak, eta larunbat eguerdian beste bat, San Telmo museoko klaustroan biak ere, Piano Solo zikloaren barruan.

1942an jaio zen, Tokion, eta bere herrialdeko jazz musikari ezagunenetakoa da. Nazioarteko agertoki eta jaialdi nagusietan aritua izanik, bereziki jazza landu izan du, baina kolaborazio nabarmenak egin ditu beste musika genero batzuetan ere, orkestra klasikoetatik Japoniako eta nazioarteko folkeraino. 17 urte zituela jo zuen pianoa lehenbizikoz profesionalki. Handik urte gutxira, musika prestakuntza jaso, eta konposizio klasikoan trebatu zen.

1963. urtean argitaratu zuen lehen albuma, zeinak Japonian abangoardiaren eta free jazzaren aitzindarietako bat bihurtu zuen. 1969. urtean, Yosuke Yamashita Trio eratu, eta bira bat egin zuen Europan barrena. 1980ko hamarkadan, berriz, New York Trio osatu zuen Cecil McBee baxu jotzailearekin eta Pheeroan akLaff bateria jotzailearekin.

Piano jolea eta konpositorea ez ezik, irakaslea ere izan da, inprobisazioari buruzko lanak plazaratu ditu, big bandak zuzendu, orkestra handiekin jo, musikari entzutetsuekin lan egin, eta soinu bandak ondu. Martinen hitzetan, 1970eko hamarkadan ezagutarazi zuen bere «indar inprobisatzaile handia», eta, ordutik, jaialdi ugaritan erakutsi du «sormen izugarria» duela. «Haren indarrak, ideiek eta ausardiak lilura eragin dute, eta abangoardiaren erreferente bilakatu da».

Yamashitak esker oneko hitzak izan ditu Donostiako jaialdiarentzat, eta «handienetako bat» dela iritzi dio. Halaber, bere herrialdean jazzak izandako bilakaeraren inguruan, azaldu du Lehen Mundu Gerraren aurretik ere nahiko ezaguna zela Japonian, gero eta jende gehiago zaletu dela urteotan, eta Japoniako musikarekin «nolabaiteko konexioa» ere baduela bere ustez, «inprobisazioaz gozatzeko ezaugarriagatik».

Ibrahim, seigarrenez

Yamashita soilik ez, beste bi musikari ere omenduko ditu aurten Donostiako Jazzaldiak, osatu duten ibilbidea aitortzeko sariarekin: Abdulah Ibrahim pianista eta konpositorea (Lurmutur Hiria, Hegoafrika, 1934), zeinak 70 urtetik gorako ibilbidean bost aldiz parte hartu duen jaialdian; eta Enrico Rava tronpetista eta konpositorea (Trieste, Italia, 1939), dagoeneko sei hamarkadako ibilbidea egina duena.

Ibrahim seigarrenez aritu zen atzo iluntzean Donostian, Trinitate plazan kontzertua eman baitzuen bere hirukotearekin. Bertan ziren hari garaikurra ematekoak jaialdiaren antolatzaileak. Ravak, berriz, gaur goizean jasoko du saria, eta iluntzean igoko da Trinitate plazako agertokira, Fearless Five boskotearekin kontzertua ematera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.