Literatura

Alvaro Mutis idazlea hil da

Kolonbian sortu zen, eta Mexikon bizi izan zen 57 urtez; XX. mendeko Hego Amerikako literaturako idazle garrantzitsuenetakoa izan da.

Alvaro Mutis zena.
Berria.info
2013ko irailaren 23a
23:20
Entzun

Alvaro Mutis idazlea atzo hil zen, aspaldidanik zituen bihotzeko arazo batzuen ondorioz, 90 urte zituela, Mexiko Hiriko Kardiologia Zentro Nazionalean. Haren gorpua hiriko beilatokian edukiko dute gaur. Mutisen heriotzaren albisteak eragindako erreakzioen artean adierazgarrienetako bat Gabriel Garcia Marquezek bere Twitter kontuan idatzi duen hitz bakarreko ohar laburra izan da: “Mutis”. Adiskidetasun handia zuten bi idazleek, Garcia Marquezek eta Mutisek.

Izan duen oihartzuna eta eragina aintzat harturik, Hego Amerikako XX. mendeko idazle garrantzitsuenetako bat izan da Mutis. Bogotan jaio zen, 1923an, eta Parisen eta Bruselan egin zituen ikasketak. Aita hil zenean Kolonbiara itzuli zen. Gazterik hasi zen poesia idazten eta irratian kazetari lanak egiten. Standard Oil eta Esso petrolio enpresa multionazionalentzat lan egin zuen gero, mundu osoan zehar bidaiak eginez.

Mexikora aldatu zen 1956an, eta Luis Buñuel zinemagile espainiarraren laguntzaz publizitatearen munduan lanean hasi zen. Octavio Paz eta Carlos Fuentes ezagutu, eta haien adiskide egin zen. 1959an atxilotu egin zuten, Esso konpainiako harreman publikoen arduradun zelarik funtsen bidegabeko erabilera egin izana leporatuta. Hamabost urte egon zen preso, Kolonbiara estraditatuko zuten beldur. Gero libre utzi zuten, baina kartzelako egonaldiak arrasto sakona utzi zion.

Poesia eta nobelak idatzi zituen batez ere, eta nobeletan Maqroll bidaiari erraria sortu zuen, egilearen alter ego argia, bizitasun literario handiko pertsonaia. Sari garrantzitsuak jaso zituen: Kolonbiako Letren sari nazionala 1974an; Kolonbiako Poesia sari nazionala 1983an; Roger Callois saria eta Merituaren Ordena, Frantzian, 1993an; Grinzane-Cavour saria, Italian, 1997an; Asturiasko Printzearen saria, Espanian, 1997an; Cervantes saria, Espainian, 2001ean…
 


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.