Amaia Gabantxok irabazi du Etxepare Itzulpen Saria

Gabriel Arestiren 'Harri eta Herri' eta 'Maldan Behera' lanak ingelesera itzuli ditu.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2018ko irailaren 28a
15:50
Entzun

Gabriel Arestiren Ni eta nik diodana poema euskaraz eta ingelesez errezitatuz jaso du Amaia Gabantxo itzultzaileak (Bermeo, Bizkaia, 1973), gaur, Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Saria. “Euskal literatura ingelesera itzultzeko lan honetan sartu nintzenetik pieza asko itzuli ditut, baina batek ere ez dit eskatu Gabriel Arestiren hitzak beste”. Jarrain azaldu du, itzulpen lanetan zebilela albo batean utzi zituela koadernoa eta ordenagailua. “Hasi eta geratu nenbilen. Egun batean, Arestiren poemak ahoz itzultzen hasi nintzen etxean”. Estrategia hori erabili du itzulpen lanerako. “Ahozko poesia erabili dut: bertsolaritza. Arestiren poesiaren bihotzean bizi den espiritua”.

Nevadako Unibertsitateko (Reno, AEB) Center for Basque Studiesekin batera argitaratu ditu liburuak, edizio bakarrean. 4.000 euroko saria partekatuko dute itzultzaileak eta argitaletxeak, eta beste 2.000 euroko laguntza jasoko du Gabantxok bere lanak sustatzeko. Itzulpenaren “kalitatea” eta “egokitasuna” baloratu du epaimahaiak.

2015. urtean sortu zuten saria, jatorriz euskaraz idatzitako literatura lanen itzulpenak saritzeko. Lehen edizioan, Isaac Xubin eta Kalandraka argitaletxeak jaso zuten saria Joseba Sarrionandiaren Tiempo de exilio Galegora itzultzeagatik; 2016an, Nam Kaneko idazleak eta Hakusuisha argitaletxeak, Kirmen Uribe Mussche lana japonierara itzulpenagatik; eta, Yaroslav Gubarevek eta Anetta Antonenkok, Behi euskaldun baten memoriak eleberria ukrainerara itzultzeagatik.

Euskal literaturako hainbat pieza itzuli ditu Gabantxok ingelesera: Harkaitz Canoren Twist eta Belarraren ahoa; Miren Agur Meaberen Kristalezko begi bat; Anjel Lertxundiren Zorion perfektua; Unai Elorriagaren Vredaman eta Bernardo Atxagaren Borrokaria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.