Hamalau urteren ondoren, eta baimen berezi bati esker, lehen aldiz Gabonak familiarekin igaro zituen iaz Paco Larrañagak, Donostian. Urte horiek preso igaro ditu, eta oraindik ere egoera horretan dirau, Martuteneko espetxean (Gipuzkoa). 2009ra artean Filipinetako kartzeletan egon zen preso. 1997an, 21 eta 23 urteko bi neska hil zituela leporatuta atxilotu zuten, beste sei lagunekin batera. Orduan 19 urte zituen.
Aita euskal herritarra eta ama filipinarra ditu Larrañagak, eta Filipinetan bizi zen arren, naziotasun espainiarra ere badu. Urteetan, Filipinetako justizia eta espetxe sistemaren estoldak eta ustelkeria pairatu zituen; zigorra gogortu, eta bizi guztiko kartzelaldia zena heriotza zigorra bihurtu zen. Inolako frogarik izan gabe. Kasuak nazioarteko komunitatean izandako oihartzunak bultzatuta, Filipinetako eta Espainiako gobernuek akordio bat lortu zuten, Larrañaga Espainiaratu zezaten. Heriotza zigorra kendu zioten, eta preso arrunt baten eskubideak ditu egun, baina bizi osorako zigorrarekin jarraitzen du oraindik ere, batzuek ala besteek erabaki bat hartuko zain. «Ez dugu ulertzen zer egiten duen oraindik ere preso, denek baitakite errugabea dela. Injustiziak bere horretan jarraitzen du oraindik ere», diote senideek.
Michael Collins zinemagile estatubatuarrak bazuen kasuaren berri, Marty Syjuco zinema ekoizle eta adiskidea Larrañagaren arrebaren koinatua baita. Hala ere, istorioarekiko jarrera eszeptikoa zuen harik eta hilketaren egunean Larrañagarekin zeuden 30 lagun baino gehiagoren testigantzez osaturiko gutuna irakurri zuen arte. Manilan zegoela ziurtatzen zuten testigantza horiek, hilketa gertatu zen Cebu hiritik 500 kilometro baino urrunagora, hain zuzen ere. «Asko hunkitu ninduten testigantza horiek, negar egiteraino. Garbi ikusi nuen borrokatu egin behar genuela istorio horren inguruko dokumental bat egiteko, eta Pacori nola edo hala laguntzeko». Thougthful Robot New Yorkeko ekoiztetxearen sortzailea da Michael Collins. Justizia sozialaren inguruko gaien inguruan lanak egin, informatu eta aldaketak eragitea du helburutzat ekoiztetxe horrek. Ríndete mañana (Amore eman ezazu bihar) da Collinsek egin duen lehen filma, Paco Larrañagaren istorioa kontatzen duen filma.
Sei urtean, hiru kontinentetan eta lau herrialdetan filmatua, «inplikatutako pertsonaien etengabeko maitasun ahaleginaren eta amorrazioaren emaitza da» filma, egilearen hitzetan. Collinsek eta Syjucok hainbat pertsonari elkarrizketak egin zizkieten, milaka agiri orri irakurri zituzten eta Filipinetan filmatu zuten—baita klandestinotasunean ere espetxean, kamera ezkutuan zutela—, baita Espainian, Amerikako Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan ere. Filma 40tik gora jaialditan erakutsi dute, eta hainbat sari eskuratu ditu, baina filmaren egilearentzat eta Larrañagaren gertukoentzat, Donostiako Giza Eskubideen Zinema jaialdia da erakusleihorik «egokiena», haren jatorriarengatik egun Martuteneko presondegian dagoelako. Gaurko emanaldiaren (Viktoria Eugenia antzokian, 19:00etan) osteko solasaldian, Larrañaga bera egongo da. Hartarako baimena eskatu du, urte osoan espetxetik irteteko duen egunetako bat horretarako erabiliz.
Egunez egun irautea helburu
«Galdetu nionean askatzen zutenean zer egingo zuen, horretan ezin zuela pentsatu erantzun zidan. Unean-unekoa bizita bakarrik iraun zezakeen», adierazi du Syjucok, Donostian egindako agerraldian. Hortik datorkio izenburua filmari, heriotza zigorreko korridorean zela hurrengo egunera arte ezin zuela amore eman esaten baitzion bere buruari. Horrela, egunero-egunero.
Paco Larrañagak urteetan sufriturikoa azaltzeaz gain, ustelkeriak eta boterekeriak arrazismoak eta klaseen arteko ika-mikek jandako gizarte filipinarraren erradiografia bat iradokitzen dute. Filmaren estiloa bat dator bisualki historia korapilatsuarekin: itzalarazitako biktimak, ustezko kriminalak, probak eta eszenak epaiketan...
Amaitu ez den injustiziaren kronika
Paco Larrañagak Filipinetako justiziarekin duen gatazka amaigabea kontatzen du 'Ríndete mañana' filmak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu