Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak amaitutzat eman dituzte Txillida familiarekin Txillida Leku museoa zabaldu ahal izateko izan dituzten negoziazioak, familiak herenegun zabaldutako agirian museoa zabaltzeko aukera bakarra erakundeek museoa erostea dela adierazi eta gero. Aurretik ere adierazia zuten Jaurlaritzak eta aldundiak museoa erostea guztiz ezinezkotzat jotzen zutela, eta familiaren herenegungo agiriaren ondoren ez dute dagoeneko zirrikiturik txikiena ere ikusten familiarekin inolako akordiotara iritsi ahal izateko.
Orain negoziazioak amaitutzat emateak ez du esan nahi etorkizunean akordiorik ezin izan daitekeenik, baina Jaurlaritzak eta aldundiak segurutzat jotzen dute epe labur edo ertainean ez dela akordiorik izango, artistaren oinordekoek beren jarrera aldatu ezean bederen.
Zer negoziaturik ez
Erakundeak «argiak» izan dira museoaren erosketa, krisi ekonomikoa nabarmena den garaiotan, ezinezkoa dela adieraztean, Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura diputatuak adierazi duenez. Herenegun eguerdian izandako bileran, Txillida familiaren abokatuen proposamen bat espero zuten erakundeetako ordezkariek, baina ez zuten halakorik jaso. Familiak arratsaldean zabaldutako agiriak, berriz, argi uzten zuen familiak museoa zabaltzeko eskaintzen zuen aukera bakarra erakundeek museoa erostea zela. Horrenbestez, erantzun horren aurrean, une honetan familiarekin zer negoziaturik ez dagoela diote Jaurlaritzako eta aldundiko ordezkariek. «Une honetan ez dago besterik esateko», Badiolaren ustez. «Niri gustatuko litzaidake Txillida Leku zabalik ikustea, baina hori ez dago jada erakundeen eskuetan. Museoa familiaren ondarea da, eta familiak bilatu beharko ditu formulak. Ez dut uste erakundeetako ordezkariok beste ezer egin dezakegunik, aztergai dagoen formula bakarra museoa saltzea baldin bada».
Hamar urtez zabalik izan ostean, 2010eko urtarrilaren 1az geroztik dago itxita Txillida Leku museoa.
Amaitutzat eman dituzte Txillida Lekuri buruzko negoziazioak
Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Aldundiak museoa erostea ezinezkoa dela berretsi diete oinordekoei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu