Bi ahotsetara

Amaiur: inperioaren kontraerasoa

Leire Lopez Ziluaga.
2011ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Duela asko bukatu zen, baina gauza batzuk ez dira sekula ahazten, denbora asko pasatu arren. 1512. urtean Gure inperioan eguzkia sartzen zen, baina existitzen zen behintzat. Ia 500 urte geroago, inperio zaharraren kontraerasoa hasi da, Lauaxetaren gudari oro suminen ezpatak etxean utzita.

Amaiur koalizioaren aurkezpenaren aurreko egunean, Los Nikis taldekoek lehenengo kontzertua egin zuten hogei bat urtean; bost kanta baino ez zituzten jo, baina ez zuten ahaztu El imperio contraataca, jakina, pertsona batek ironia zer den ote dakien neurtzeko kantarik aproposenetakoa —esango nuke eskua gora kantatzen duten faxistak ironiaren parte bihurtu direla—. Eta gure inperioa ere kontraerasoan ari denez, Nafarroako erreinuak horrelako kantaren bat beharko lukeela pentsatu nuen. Euskal Herrian hegemoniko egin diren musika talde eta mugimendu ia guztiek kantatu diote nola edo hala gure herria bizitzen ari zen une politikoari —Ez Dok Amairu, RRV, euskal heavya—. Pena litzateke 500 urteko erregresio historiko hau kantarik gabe geratzea. Hori bai, ondo pentsatuko nuke kanta nori eskatu, Bilduren aldeko kanta kitsch hura errepika ez dadin. Eta, ez gaitezen engaina, pertsona orok ez baitu ikusten Nafarroaren historiako une loriatsu haren eta gaur egungo une politikoaren arteko lotura, eta Bildu deitu ez arren Amaiurren asmoa ahalik eta pertsona gehien biltzea baita, Los Nikisen ereduari jarraituko nioke nik kanta berria egiteko. Esango didazue badirela Amaiurren alde avant-la-lettre egin zuten zenbait talde. Exkixuren Amaiur eta Pettiren Amayur gaztelu baltza gogoratu nituen nik, baina ironiarekin pasatzea ere ez zait zuzena iruditzen. Demagun Ciclos Iturgaizi eskatzen diogula koalizioaren ereserkia egiteko. Nafarroako erreinu zaharraren berpizkundean sinesten dugunok biziki gozatuko genuke, eta irri txikiaren maitaleak erakarriko genituzke gure kateetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.