Paco Leon aktore espainiar ezagunak debuta egin du kamera atzean Carmina o revienta pelikularekin. Erabili duen formula ez da hasiberri batentzako ohikoena, dokumental faltsua egin baitu. Egia esatera, ez da guztiz dokumental faltsua, errealitatean oinarritutako pasarte asko sartu baititu zuzendariak. Ikusleari proposatu nahi izan dion jolasa horixe izan da, errealitate eta fikzioaren arteko mugak apurtzea.
Paco Leonen ama, Carmina Barrios, pelikulako protagonista nagusia da. Aktoreak esan duenez, berak argi zuen amari film bat eskaini behar ziola eta halaxe egin du. Zuzendari askoren ametsa izaten da hori, baina gutxi batzuek lortzen dute egia bihurtzea. Leonek bere lehen filmean egin du.
Carmina 58 urteko emakumea da. Sevillan bizi da eta han ostatu baten jabea da. Hainbat lapurreta pairatu ostean, Carmina erabat nazkatuko da eta metodo ezin orijinalagoa asmatuko du galdutako guztia berreskuratzeko, bereziki familiak aurrera egin ahal izateko horren inportanteak diren 80 urdaiazpikoak. Plan horrek fruitu eman bitartean, Carminak bere bizitzari errepasoa egiteko aprobetxatuko du.
Carmina o revienta Malagako Zinemaldian aurkeztu zuten eta han harridura eragin zuen pelikula bitxi honek. Epaimahaiaren eta ikusleen saria irabazteaz gain, Carmina Barriosek emakumezko aktore onenaren saria eraman zuen.
Filmak banaketa sistema berritzailea erabiliko du. Izan ere, zinema aretoetan estreinatzearekin batera, internet bitartez ere ikusteko aukera izanen da. Halaber, DVD-a ere egun berean jarriko dute salgai.
'CARMINA O REVIENTA'
Zuzendaria: Paco Leon.
Aktoreak: Carmina Barrios, Paco Leon, Maria Leon.
Herrialdea: Espainia.
Urtea: 2012.
Iraupena: 95 minutu.
Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Amari gorazarre
Paco Leon errealitatean oinarritzen den dokumental faltsu batekin estreinatu da zuzendari lanetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu