HFPA Hollywooden Atzerriko Prentsaren Elkarteak Urrezko Globoak banatu ditu bart Los Angelesen (Kalifornia), eta 70eko hamarkadan girotutako thriller politikoa nabarmendu da. Zazpi mailatan zen hautagaia, eta azkenean hiru sari bereganatu ahal izan ditu. Steve McQueen zinemagilearen Twelve Years a Slave ere zazpi mailatarako izendatuta zegoen, baina, azkenean, bakarra eskuratu ahal izan du: film dramatikorik onenarena.
American Hustle-n egindako lanagatik komedia edo musikal bateko emakumezko aktore onenaren saria eman diote Amy Adamsi, eta bigarren mailako emakumezko aktore onenarena Jennifer Lawrenceri. Dallas Buyers Club izan da galako beste irabazleetako bat. Bi mailatan zen hautagaia Jean-Marc Valleeen pelikula, eta bietan nagusitu da. Hala, film dramatikoko gizonezko aktore onena aukeratu dute Matthew McConaughey, eta bigarren mailako gizonezko aktore onena Jared Leto.
Komedia edo musikal bateko gizonezko aktore onenaren saria Leonardo DiCapriori eman diote. The Wolf of Wall Street-en (Martin Scorsese) eskrupulurik gabeko exekutiboaren rola jokatu du. Film dramatiko bateko emakumezko aktore onenaren saria Cate Blanchetti eman diote, Woody Allenen Blue Jasmine-n egindako lanagatik.
Zuzendari onenaren saria Alfonso Cuaron mexikarrak irabazi du (Gravity), animaziozko pelikularena Frozen-ek (Chris Buck eta Jennifer Lee), eta atzerriko pelikula onenarena, Paolo Sorrentino italiarraren La grande bellezza-k. Alexander Payneren Nebraska-k eta Coen anaien Inside Llewyn Davis-ek ez dute sari bakar bat ere irabazi.