Ameriketara joandako euskaldunen bizimodua zinema aretoetara iritsi da

Donostiako Zinemaldian aurkeztu ondoren, 'Amerikanuak' filma gaur estreinatuko dute

Bilbo
2010eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
«Badira 20 urte ez naizela Euskal Herrira joaten, hiru aldiz bakarrik egon naiz han». Amerikanuak film dokumentalean agertzen den euskaldun baten hitzak dira, urruntasunak sortzen dion nostalgia ezkutatu ezin duela. Urrunekoen hurbiltasuna. Hori islatu nahi izan dute Gorka Bilbao (Gernika, 1974) eta Nacho Reig (Teruel, 1969) egileek Amerikanuak pelikulan. Euskal Herritik Amerikara joan ziren artzainen bizimodu eta sentimenduetan oinarrituta dago lana, eta musika Gernikako Audience taldeak egin du. Donostiako Zinemaldian aurkeztu ondoren, gaur estreinatuko dute zinema areto komertzialetan.

Zigor Etxebarria ekoizle eragilearen hitzetan, desagertzear dagoen bizitza era bat irudikatzen du filmak. Elko herria (AEB) hautatu zuten filmatzeko. «Boisen ere bada euskal komunitate handi bat, ikastola eta frontoia dituena. Elko herri txikiagoa da, baina autentikoagoa iruditu zitzaigun». Ideia, Gorka Bilbao eta Nacho Reigengandik atera zen. «Gorkaren aitita artzaina izan zen Elkon 15 urtez». Hilabete eta erdiko harremanaren emaitza da Amerikanuak. «Lau lagun joan ginen grabatzera, eta beso zabalik hartu gintuzten».

Filmean umore handia badago ere, protagonistei maiz antzematen zaie tristura edo nostalgia. Nikolas Pagoagari, esaterako, Elkoko tabernatik mendira urtebeterako abiatzen den unean. Halaber, hurbileko urruntasuna islatzen dute, besteak beste, euskal txapela buru gainean pokerreko kartekin musean jokatzen duten amerikarrek. Edota ardi harrapaketan jolasten ari diren herritarrek.

Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailaren barnean estreinatu zuten pelikula. «Oso harrera ona izan zuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.