Amets Arzallusek jantzi du gaur arratsean Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan Ipar Euskal Herriko lehen bertso txapelketako txapela. 568 puntu eskuratu ditu Arzallusek eta Sustrai Colina izan da haren ondoren bigarren 544,5 punturekin. Beraz, bi faboritoek ez dute hutsik egin.
Hain zuzen ere, Arzallusi eta Colinari elkarrekin egokitu zaie kartzelako saioa osatzea: lehendabizi seiko motzean ofizioka, eta gero bakarka. Saio horiexek izan dira gaurko finaleko politenetakoak eta txalotuenetakoak.
Nolanahi ere, arratsaldeko bostetan hasi eta bederatzi eta erdietan amaitu deneraino giro bero eta ederra bizi izan da goraino betetako Jai Alain. Une hunkigarriak asko izan dira, besteak beste, hainbat bertsolarik beren agurreko saioan Ernest Alkhat bertsolari eta bertso irakasle baxenafar zendu berria gogoratu dutenean.
Honakoa da gaurko finaleko sailkapena:
1. Amets Arzallus, 568.
2. Sustrai Colina, 544,5.
3. Miren Artetxe, 538.
4. Maialen Arzallus, 525,5.
5. Odei Barroso, 507,5.
6. Ekhi Erramundegi, 503,5.
7. Karlos Aizpurua, 490.
8. Xumai Murua, 466.
Bertsolaritza
Amets Arzallus Ipar Euskal Herriko lehendabiziko txapeldun
Sustrai Colina atera da, berriz, txapeldunorde. Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan jokatu da Ipar Euskal Herriko lehen bertso txapelketako finala, aretoa jendez beteta eta giroa bero-bero zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu