Belarrezko pertsonak, giza siluetadun paisaiak eta begi bakarreko belar fardo hegalariak. Lanbroak janda dirudite paisaiaren eta giza figuren arteko mugek Vicente Ameztoiren artelanetan (Donostia, 1946-2001). Artistak berak azaldu zuen zergatik: «Niretzat, paisaia adierazpen modu bat da, agertoki izugarri eta ikaragarri bat. [...] Harekin jokatzen dut, hitz eginez, hura aldatuz eta gauzak erantsiz, eta berritu egiten dut; izan ere, paisaia ez dago inoiz geldi: beti ari da berritzen, bizia ematen». Eta haren barne mundu aberats, konplexu eta tarteka artegagarri hori guztia biltzen duen erakusketa bat prestatu du orain Bilboko Arte Ederren Museoak. Haren 53 margolan batu dituzte guztira, eta haren ibilbide ia osoa hartu dute kontuan. Gaur aurkeztu dute, eta ekainaren 7ra arte egongo da ikusgai.
Javier Viar arte historialari eta Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendari ohia izan da erakusketaren sustatzaile nagusia. Oraindik ere zuzendari zela hasi zuen Ameztoiren lanari buruzko katalogo arrazoitua egiteko lana, Miriam Alzuri komisarioarekin batera, eta ikerketa horren emaitza da, neurri handi batean, orain inauguratu duten erakusketa. Biak aritu dira komisario lanetan horregatik, eta artistaren alderik ezezagunenak ikusteko aukera ona dela argudiatu du Alzurik. «Okerra da Ameztoiren lan ezagunenak ikusi izanagatik pentsatzea artista ezagutzen dugula. Oraindik ere Ameztoi asko dago ezagutzeko, baita hura hil zenetik ia hogei urte joan diren arren ere».
Giro artistikoa kontra zuela hasi zuen ibilbidea Ameztoik, Viarren hitzetan. «Begi bistakoa lirudike artista figuratiboa zela esateak, baldin eta ez balitz Ameztoi agertu den momentuan figurazioa egiteak talka egiten zuelako garai hartan euskal eskulturan eta pinturan nagusi zen abstrakzioarekin». Adituak dioenez, giro abstraktu horrek ez zuen ongi hartu Ameztoik eta bere belaunaldiko kideek proposatutako figurazio berri hori. Ikuspegi ironikoa hartzea aurpegiratzen zieten, adibidez, eta «azalkerian» geratzea. Viarren ustez, ordea, okerra zen uste hori; Ameztoiren kasuan, adibidez, haren lanetan agerikoa baita bizi zuen garaiko errealitatearen pisua.
Lopez eta Magritte
Bi erreferente piktoriko nagusi identifikatzen ditu Viarrek haren lanean. Antonio Lopez margolariaren hasierako errealismo magikoa da bata, eta Rene Magritte pintore surrealista da bestea. Baina badira gehiago ere. «Ameztoiren pinturaren zehaztasun eta klasikotasuna Italiako Quattrocentoko artistengandik dator». Hortik figurak aurrez aurre agertzearena, adibidez, eta haien soiltasuna eta hieratikotasuna. Baina, komisarioaren hitzetan, eragin horiek guztiak bere barne mundua adierazteko baliatzeko erabiltzeak bilakatzen du artista «handi». Nabarmentzekoa iruditzen zaio haren umorea ere. «Euskal paisaiaz egiten duen interpretazioa benetan dibertigarria da».
Hain zuzen ere, paisaiaren eta figuraren arteko tentsioa da nagusi margolan gehienetan. Paisaian urtzen diruditen giza figurak tarteka. Belar eta sastraka diren humanoidez beteta daude koadroak. Munstro faliko bilakatzen diren belar metak. Egurrezko hankak dituzten giza aurpegidun txorimalo maskaradunak. Belar eta adaxkaz osatutako bi giza figura hostotsu arrautza gisako elementuz betetako soro bat zaintzen. Txotxongiloak. Dobleak. Ispiluak...
Politika eta gizartea
Aurrez ere eskaini zaizkio erakusketak, baina sekula ez Bilbokoa bezain osorik. 2000. urtean Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Koldo Mitxelenan eskainitakoa hartu du gogoan Alzurik, adibidez, eta baita 2000. urtean Remellurin, Bastidan (Araba) egindakoa eta 2003. urtean Gasteizko Artium museoan eskainitakoa ere. Gerora, familiaren bultzadaz, 2012an erakusketa bat zabaldu zuten haren lanekin Donostian, eta beste bat Villabonan (Gipuzkoa). Baina, komisarioak dioenez, Bilbokoa da haren ibilbide osoa kontuan hartzen saiatu den bakarra. 1968tik hasi eta 2001era arte. Horregatik, kronologikoki antolatu dute erakusketa, eta, haren pintura lanik ezagunenez gainera, normalean ikusten ez diren beste hainbat margolan ere bildu dituzte: Araban dagoen Remelluriko ermitarako egindako irudiak barne. Eta ez dira pinturak bakarrik: collage batzuk, marrazkiak, kartelak eta hedabideentzat egindako ilustrazio lanak ere bildu dituzte.
Zeruko Argia aldizkariarentzat egindako azaletan igar daiteke, hain zuzen ere, Ameztoiren alderik politiko eta sozialena. Pinturarekiko zaletasunaz gainera, horrek ere izan zuelako eragina bere ibilbidean. Azal horien artean, badira, adibidez, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur-en desagerpenari eskainitako irudiak, eta Euskadiko Ezkerra alderdiaren eta PSOE alderdiaren artean egondako tentsioei buruzkoak. Eta, aktualitate gai horien kasuan ere, beti igartzen da Ameztoiren barne mundua.
Euskal Herria ketan
Ezagun da artistaren militantzia ekologista ere, eta margolan batzuetan agerikoa da sasoian sasoiko gaiei buruzko kezka hori. Ironia pisu handiarekin, maiz. Bilboko Arte Ederren Museoan maiz ikusi ahal izan den 1977ko Poxpoliñak koadroa izan daiteke horren adibide. "Poxpoliñaz" jantzita dauden bi figura ikus daitezke lehen planoan, Arias Navarro politikari frankistaren aurpegia dutenak, ispilu joko moduko batek bikoizturik, eta Lemoizko zentral nuklearra ikusten da atzealdean, martxa betean, tximiniak ketan. Baina badira gehiago ere: kasurako, aurpegiaren ordez Iberiar Penintsulako mapa bat daukan emakumearen erretratua, alboz egindakoa. 1976koa da margolana. «Portugal» irakur daiteke sudurra eta aurpegia irudikatzen dituen gunean, eta kea dariola dago, hain justu, Euskal Herriari legokiokeen kokapen inguruko ile mataza. Madril legokeen puntuaren bueltan, aurpegi erdialdean, bi bonba, belarritako modura.
Goi kultura eta kultura herrikoia uztartzeko zeukan modua ere nabarmendu du Viar komisarioak. Haren hitzetan, margolanetan erraz topa baitaitezke komikiei, zinemagintzari eta kartelgintzari buruzko erreferentziak. Ohikoak dira estralurtarren erreferentziak, esaterako, eta Stanley Kubrick zinemagilearen 2001: A Space Odyssey filmaren oihartzunak ere ikusten ditu ikerlariak Ameztoiren paisaietan agertzen diren laukizuzen zuri abstraktuetan. Eta ez dira gutxi pelikula apokaliptikoetan ohikoak diren meteorito suntsitzaileen gisako irudiak ere bere koadroetan. Gainera, ez da ahaztu behar Ameztoik sortu zituela Julio Medem zinemagilearen Behiak filmeko segalariaren eta aizkolariaren txorimaloak ere.
Bilbora heldu aurretik, Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan egon dira ikusgai Ameztoiren 40 lan. Bilbon ikus daitekeena baino nabarmen txikiagoa zen bilduma, beraz, baina artistaren lanak piztutako lilura nabarmendu du Valerio Rocco erakundeko zuzendariak. 10.000 bisitari izan ditu erakusketak han, eta «positiboak» izan dira jasotako kritika eta aipamenak ere. «Madrilen ez zen artista oso ezaguna. 70eko hamarkadan bai, baina ahaztuz joan zen gero pixkanaka».
Ezezagun Euskal Herritik kanpora
Hain zuzen ere, artistaren harrera bikoitz hori izan du mintzagai Alzurik ere. Haren hitzetan, Euskal Herrian Ameztoik beti jaso ditu kritikaren eta publikoaren arreta eta maitasuna. Baina bestelakoa da egoera Euskal Herritik kanpo. Alzuri: «Oso ezezaguna da, eta 70eko eta 80ko hamarkadei buruz gaur egun egiten ari diren Espainiako Arte Historiografietatik kanpo gelditzen ari da». Eta nabarmentzekoa da datu hori, komisarioaren ustez, batez ere kontuan hartuta bere ibilbidea Madrilen hasi zuela eta han egin zituela bere lehen erakusketa garrantzitsuak.
Bi argitalpen ere kaleratu dituzte, erakusketarekin batera. Erakusketarako prestatutako katalogoa da bata; besteak beste, Joseba Sarrionandiaren testu bat dakar, Javier Viarren beste bat, eta Miriam Alzurik prestatutako kronologia zehatza. Gazteleraz kaleratu dute papereko bertsioa, baina euskarazko itzulpenak ere jarri dituzte sarean kontsultagarri. Hori batetik, eta, bestetik, Javier Viarrek Ameztoiri buruz idatzitako liburua argitaratu du museoak: Vicente Ameztoy. La transfiguración melancólica (Vicente Ameztoi. Transfigurazio malenkoniatsua). Sortzailearen ibilbideari, eraginei eta lanei buruzko lan bat da liburua, 250 orritik gorakoa, eta, kasu honetan, gaztelera hutsean kaleratu dutena.