Euskal Herriko, Txinako, Errusiako, Espainiako, Kanadako, Hego Koreako eta AEBetako 26 biolinistak hartu dute parte Nazioarteko XI. Pablo Sarasate Biolin Lehiaketan, 15 eta 27 urte artekoak guztiak. Lehen saria 26 urteko Ana Maria Valderrama interprete madrildarrak eraman du: 10.000 euro, eta beste 1.500 ikuslegoaren sariari dagozkionak. Joan den asteazkenean egin zuten lehiaketaren finala Iruñeko Gaiarre antzokian, eta Vladimir Spivakov Errusiako Orkestra Filarmoniko Nazionaleko zuzendaria aritu zen epaimahaiburu lanetan.
Ia bi orduko balorazioaren ondoren jakinarazi zuen Spivakovek Valderramaren aldeko hautua. Biolinista gazteak Sarasateren Fantasie du concert sur Carmen de Bizet, Op.25 eta Txaikovskiren Orkestrarako eta biolinerako kontzertua Re maiorren, Op.35 jo zituen. Aipaturiko bi sariez gain, Nafarroako Gobernutik 1.500 euroko laguntza jasoko du, beste bost parte hartzailek ere jasoko dutena.
Hemeretzi urteko Ji Yoon Lee hegokorearrak lortu zuen bigarren postua finalean, eta hirugarrena, berriz, hamabost urteko Stephen Gerard Waarts estatubatuarrak. 7.000 eta 5.000 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren. Valderramak, bestalde, diru laguntzak ez ezik, hainbat orkestratan lan egiteko aukera ere irabazi zuen.
Ana Maria Valderramak irabazi du Pablo Sarasate biolin lehiaketa
Asteazkenean ospatu zen finala Iruñean, Errusiako Orkestrako buru Vladimir Spivakov epaimahaiburu zela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu