Donostiako Zinemaldia

Anabel Arraizak aurkeztuko du aurten ‘Zurriolako butaka’

Eraberrituta dator aurten euskarazko hedabideen zinema saioa. Kanaldude telebista batu zaio ekoizpenari. Egunero 19:00etan ikusi ahal izango da BERRIAren webgunean.

Anabel Arraiza aurkezlea, eta atzean, euskal hedabideetako ordezkariak. GORKA RUBIO, FOKU
2018ko irailaren 17a
16:47
Entzun

Ostiralean hasiko da Donostiako Zinemaldia, eta aurreko sei urteetan bezala, BERRIAk telebista saio bat egingo du egunero Kursaaletik, beste hedabide batzuekin elkarlanean. Aurten Kanaldude batu da elkarlanera, eta saioa BERRIAren webgunean, Irutxuloko Hitza, Gaztezulo eta Zinea.eus hedabideen atarietan eta Hamaika telebistan ikusi ahalko da. Egunero 19:00etatik aurrera ikusi ahalko da saioa Internet bidez —Kanaldudek 20:00etan emitituko du, eta Hamaikak 22:00etan—. Webgunean ez ezik, sare sozialetan ere zabalduko ditu BERRIAk saioaren eduki guztiak. #Zbutaka traola erabiliko dute saioko kideek.

Aurreko urteetan Inaxio Esnaola eta Gorka Erostarbe izan ziren programako aurkezle. Aurten, berriz, Anabel Arraiza ariko da aurkezle lanetan —Hamaikan Euskaltzale eta Ajoarriero saioak aurkeztu ditu azkeneko hilabeteetan—.

[YouTube]https://youtu.be/z6IUY2ZiUYc[/YouTube]

Sei komunikabideetako ordezkariek aurkezpen berezi bat egin dute gaur goizean Donostian. Nabarmendu dute kalitatean pauso bat aurrera eman nahi dutela, aurreko urteekin alderatuta. Hala ere, programak hasieratik euskal zinemarekin lotura izan du, eta hori ez da galduko. Izan ere, Euskal Herrian ekoitzitako filmeen zuzendariak, aktoreak eta ekoizleak elkarrizketatuko ditu egunero Arraizak, Kursaalaren azpian, Zinemaldiaren bihotzean. Zinemagintza barrutik ezagutzen du Arraizak, aktore gisa: Mirentxu Purroyk zuzenduriko Denboraren Gibelean (1993) filmean aritu zen, eta protagonistarena egin zuen Jone, igo zerura (Joseba Salegi, 2000) lanean, besteak beste. "Gutxienez badakit zertan ari diren zinemagintzan dabiltzanak", esan du aurkezpenean. Edonola ere, zinemara joaten denean "ikusle arrunta" bihurtzen dela zehaztu du, "beraz, profesional ez direnentzat ere arituko naiz saioan".

Donostiako Zinemaldia Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan "oso urrutitik bizi dutela" esan du Kanaldudeko kudeatzaile Ximun Karrerek. "Gure asmoa gerturatzea da". Izan ere, euskarazko filmek interes handia pizten dute iparraldeko ikusleen artean, Karreren aburuz, eta "zinema-gelak betetzen dituzte". Batez ere, lan horien berri zabalduko du Kanaldudek Zurriolako butaka saioaren bitartez.

Bestelako bideo eta osagaiak ere egongo dira programan, baita bideo kritikak ere. Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak Izar azpian atala estreinatuko du, “apur bat zirikatzaile” izateko asmoarekin. Irutxuloko Hitza-k Donostiarekin lotutako Zinemaldia landuko du eta Gaztezulo-ko kideek Euskal Herriko filmen kritikak egingo dituzte.

"Kalitatean, aurrera-pausu bat eman nahi dugu aurten", esan du Urkizuk. "Zinemaldiaren inguruko euskarazko telebista saio bakarra izanda, egite hutsa nahikoa zen lehen urteetan", esan du. "Baina, orain, ikusita Euskal Herriko hogei ekoizpen daudela eta euskal zinemagintzako urteko estreinaldirik garrantzitsuak hemen egiten direla, kalitate handiagoarekin eman nahi dugu horren berri".

Esan bezala, Euskal Herriko hogei ekoizpen emango dituzte aurten Zinemaldian, inoiz baino gehiago. Ekoizpen horietako bi lanen inguruan ariko dira ostiralean Zurriolako butaka-n, lehen saioan: Amaia Remirez ekoizleak Another day of life filmearen inguruan hitz egingo du Arraizarekin —lana Cannesen (Frantzia) estreinatu zuten eta Perlak sailean ikusi ahalko da Donostian—. Eta, bestetik, Agus Barandiaran Basque Selfie filmeko ekoizle eta protagonista elkarrizketatuko dute —ostiral gauean estreinatuko dute, Zinemira sailean—. "Saioan bitxikeria asko ezagutzeko aukera izango dute ikusleek", agindu du Arraizak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.