Hiru dira orain arte Manuel Martin Cuencak egin dituen fikzioko filmak. Horrekin batera, hainbat dokumentalen egilea ere bada. Oso indartsu sartu zen Espainiako zinemaren panorama grisean estreinako filmarekin, La flaqueza del bolchevique (2003). Dezenteko arrakasta eskuratu zuen. Lorenzo Silva idazlearen eleberri batean oinarrituta, pelikulak gai arantzatsua jorratzen zuen: adin txikiko baten eta pertsona heldu baten arteko maitasun istorioa.
Bigarren lana izaten omen da musikariek zein zinemagileek gainditu beharreko langa zaila. Zuzendari espainiarraren kasuan, 2005ean izan zen hori, Malas temporadas filmarekin. Javier Camara eta Leonor Watling protagonista zituen istorioa urte bereko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten, baina harrera nahiko hotza izan zuen. Zirkuitu komertzialetik ere nahiko oharkabean pasa zen.
Lan independentea
Hainbat urtez bestelako proiektuetan murgilduta egon ondoren, La mitad de Óscar lanarekin itzuli da Martin Cuenca (Almeria, 1964). Nabari da denbora horrek guztiak balio izan diola egin nahi duen bideaz hausnartzeko eta bere barneko ahotsa bilatzeko, komertzialtasunaren diktaduratik distantzia hartuz. Oso proiektu pertsonala da zuzendariak oraingoan egin duena, nahiko ezohikoa zinema espainiarrean, ia-ia lan independente bat. Musikarik ez du filmak eta sekuentzia luzeetan dago filmatuta. Aktore ezagunik ere ez du bilatu zinemagileak bere lan berrirako; Bigas Lunasek ezagutzera eman zuen Veronica Echegui da izenik distiratsuena, eta bigarren mailako rol batean Antonio de la Torre handia dago.
La mitad de Óscar Almerian dago filmatuta. Hango herri batean bizi da protagonista, zinpeko guarda bat, gatzaga bat zaintzeko ardura duena, eguneroko tristea duena. Lanetik aterata, alzheimerrak jota dagoen aitona bisitatzera joan ohi da. Apenas lagunik ez du, korreoa beti hutsik aurkitzen du.
Halako batean, aspaldian ikusi ez duen arreba etorriko zaio bisitan; mutil-berriarekin agertuko da, eta Oscarrek ez zuen haren berririk. Neba-arreben arteko harremana ez da batere naturala, sekretu ilun bat ezkutatzen dute biek. Maria dena ahazteko prest agertuko da, baina Oscar ez dago horretarako prest.
'LA MITAD DE ÓSCAR'
Aktoreak: Manuel Martin Cuenca.
Aktoreak: Rodrigo Saenz de Heredia, Veronica Echegui, Denis Eyriey, Manuel Martinez Roca, Antonio de la Torre.
Herrialdea: Espainia.
Urtea: 2010.
Iraupena: 89 minutu.
Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Anai-arreben sekretu iluna
Manuel Martin Cuenca zuzendariak bide berria urratu nahi du 'La mitad de Óscar' hirugarren filmarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu