Duela 11 urte, 1997an, eman ziren estreinakoz Euskadi Literatura Sariak gaur egun ematen diren moldean: aurreko urtean argitaratutako libururik onenak saritzeko. Ordura artean, argitaratu gabeko lanentzako lehiaketa ziren.
Iazko otsailaz geroztik, ordea, idazle eta itzultzaile asko beren liburuak Euskadi Sarietatik kanpo nahi dituztela aldarrikatzen ari dira. Aldarri horri jaramonik egin gabe, finalista izateko hautatu dituztela esateko deitu diete Jaurlaritzatik idazle horietako batzuei aurten ere, iaz bezala. Baina deitutakoek irmo eutsi diote ukoari.
Euskadi Sarietako finalista izateari uko egitea «eskubidea» dela esan zuen atzo Gurutz Larrañagak, Miren Azkaratek inoiz esana zuen gauza bera; eta hortxe eman zuen bukatutzat auzia, «beste misteriorik» ez dagoela iritzita.
Baina Euskadi Sariek egun duten atarramentuarekin jarraitzen badute, «misterioa» izango da urtero zenbat lan geratu diren finalista izan gabe -eta saria irabazteko aukerarik gabe- egileak uko egin diolako; eta Euskadi Sarien inguruko kontuei arreta pixka batez begiratzen dion literaturzaleari erantzunik gabeko galdera gehiegi geratuko zaizkio beti buruan.
Aurreko urteko libururik onenak nabarmendu eta saritzea da Euskadi Sarien helburua, baina egungo egoeranezin du helburu hori taxuz bete. Egia da, Larrañagak atzo esan zuen bezala, idazle eta itzultzaile gehienek onartzen dutela finalista izatea. Baina euskal literatura ez dago Euskadi Sariei ukoa adierazi dieten idazle eta itzultzaileak alde batera uzteko moduan; eta Euskadi Sariak ere ez daude -edo ez lukete egon behar- idazle eta itzultzaile horiek alde batera uzteko moduan.
«Sektorearen eskutik» heldu dio gaiari Jaurlaritzak, egia da hori ere. Baina asko dira Jaurlaritzak sektorearen ordezkaritzat hartu dituen elkarteetatik urrun samar sentitzen diren egileak.
Aurrean aurkitu duen saltsari lodiegi iritzita, garrantzitsuena irizten dionari eman dio lehentasuna Jaurlaritzak, antza denez: ikuskizunak jarraitu egin behar du. Eta jarraituko du.
ANALISIA. Ikuskizunak jarraitu egin behar du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu