Jon Urzelai
Bi ahotsetara

#3 Willis (gure belaunaldiaz)

2024ko urtarrilaren 14a
05:10
Entzun

Duela zenbait urte, gazteak ginenean —helduak ere izan beharko dugu inoiz, ala?—, kezka bat izan zuen lagun batek kaskotik ezin kenduta. Gure belaunaldiaz arduratuta zirudien, inguruko lagunoi ea geure burua nola ikusten genuen galdezka. Zerk ezberdintzen gintuen 90eko hamarkada hasieraren inguruan jaiotakook geure aurrekoengandik? Nola gogoratuko gintuzten ondorengoek? Ezustean harrapatu ninduen itaunari erantzuteko otu zitzaidan bakarra, zera: «Aurrekoek eraikitakoa zutik mantentzen nahiko lan».

Elkarrizketa hura talde bat oholtzatik jaitsi eta ondorengoa igo artean izan genuen, jada egiten ez den Donostiako Zepremikin! jaialdiko isiltasun iskanbilatsu horietako batean. Ez nago ziur talde horietako bat Willis Drummond ote zen, baina oso posible da hala izana. Garai hartako taldea zen, nolabait. Baieztapena justifikatzeko, orduko hainbat kontu ekar ditzagun gogora: geure adin bueltakoa den Danele Sarriugarte idazleak euskal kultur mundutxoa astindu zuen urte haietan Erraiak eleberriarekin, eta bertan agertzen ziren Willis, euskal pentsalari batek «balio kapitalistak» gorpuzten omen zituen beste talde entzutetsu batekin kontrajartzeko erabili zituen testu sonatu batean, Argia-k ekoitzitako Beranduegi web telebistaren sintonia haien kantu bat izan zen, Ezker Abertzalearen Ernai gazte antolakundea sortu zenean Willisen abesti bat erabili zuten aurkezpen bideoan, eta abar. Honakoa ez da agian horren adierazgarria izango, baina ni eta nire lagunak herriz herri ibiltzen ginen haien zuzenekoez gozatzen, eta beste zenbaitzuek badakit antzera egiten zutela. Gure rock taldea zen.

Willis Drummond agur esatera zihoala irakurri nuenean halako kolpetxo bat sentitu nuen barrenean. Ez sorpresaz harrapatu ninduelako, hein batean garaiz kanpo baitzeuden, bi korronte indartsuren artean itota. Historia egin zuten talde entzutetsuen eta indarrez datozen gazteen artean ez baita erraza ezer esanguratsurik egitea. Gure belaunaldiaren patuak ere horixe bera dirudi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.