Jon Urzelai
Bi ahotsetara

Adur eta Ekhi

2023ko abenduaren 17a
05:15
Entzun

«Adur eta Ekhi gutxitan daude batera / Rayo McQueen, Buzz Lightyear eta Bob Esponjarekin / Eta batak bestea xaboiaz estaltzen du / barre algarak ni begira nagoela oharkabean». Hitzokin hasten da Zauria taldeak argitaratu berri duen izen bereko diskoko Adur eta Ekhi kantua. Oso gustura entzun dudan diskoa da; soila, elementu gutxirekin —Baxi Ubedaren gitarra eta Gorka Jimenezen ahots sarkorra, nagusiki—  eraikitako abestiez osatua. Biluzia da, xaboiaz estalia, nahi bada.

Bi aldiz dai idatziz lortzen da «Dai, dai», bidai esateko beste modu bat. Ander Fernandezen (Muskulo taldean aritua) bakarkako proiektua da Nigara Zuek, eta izen horrekin argitaratu ditu Dai, dai bilduma osatzen duten hamabi abestiak. «Oporretatik ekarritako oparia» omen, abuztuan eta irailean grabatua baita, etxetik kanpo baina etxean bezala. Kantuok ere ahotsa eta gitarra dituzte oinarri, eta batak edo besteak hartzen du protagonismoa unearen arabera, inoiz klarinetea ere ageri den arren. Hots ezberdinak ere sartzen dira han-hemen: elizako kanpaiak, zakur zaunkak, itsasoko olatuak, baita jakin-minez gerturatzen diren haurrak ere.

Badute zerbait haurrek. Haurrak ageri diren kantuek, esan nahi baita. Xalotasuna darie, halako purutasun bat eransten die konposizioei, giroari. Aipatu bi diskook entzuten aritu naizen honetan, Standstill taldearen 2010eko Hombre Araña abestiaz oroitu naiz sarri. Bertan ume baten eta bere aitaren arteko elkarrizketa baten grabazio erreala entzun daiteke, katalanez. Amaiera aldera umea kantuan hasten da: «Armiarma-gizona, armiarma-gizona, aaa! Armiarma-gizona, aaa! Zure eskuetan misterio bat dago, gaizkiaren aurka egiten duzu borroka! Armiarma-gizona!». Oso ondo, erantzuten dio aitak, Molt bé!

Gogoan dut nola elkarrizketa batean taldeko abeslari Enric Montefuscori galdetu zioten ea zein den kantuan ageri den ume hori. Ez zuela axola esan zuen: «Protagonista aita da». Oharkabean begira egon nahiko lukeena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.