Antton Iturbe.
BI AHOTSETARA

Afrikako musika kosmikoa

2016ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Gobernuz Kanpoko Erakundeak Afrika salbatzera datoz euren proiektuekin. Ez dugu behar inork salbatzerik, guk geuk egin dezakegu. Proiektu onak dira, baina atzean ezkutatzen duten ideia da afrikarra bere burua antolatzen ez dakien tentela dela». Davide Dieye 32 urteko senegaldar etorkinaren hitzak dira horiek, Mikel Garcia kazetariaren blogean irakurriak.

Analog Africa diskoetxeak plazaratu duen bilduma berriaren izenburua Oihartzun espaziala. Cabo Verde-ko musika kosmikoaren sekretua behingoz ezagutarazia! da. Bertan kontatzen denez, 1968an, Baltimoreren instrumentu elektroniko eta sintetizadorez betetako itsasontzi bat portutik atera bezain pronto, misteriotsuki radarretik desagertu egin zen, eta galdutzat edo hondoratutzat eman zuten handik gutxira. Baina hilabete batzuen ondoren, itsasontzia Cabo Verdeko Sao Nicolau irlan azaldu zen, jitoan eta tripulaziorik gabe. Bertakoek, lehen uneko ezusteko galanta pasatu eta zaharren kontseilua eta baimena jaso eta gero, kamaroteetan aurkitutako kaxak irekitzea erabaki zuten. Desengainu handiz, aparatu elektroniko baliogabeez beteta zeudela ikustean, haiek denak elizan gordetzea pentsatu zuten une batez. Baina Amilcar Cabral lider antikolonialak eskoletan banatzea proposatu zuen, eta hala egin zuten. Eta ederki asmatu, gainera. Umeak sintetizadoreekin jolasten eta trebatzen eta hazten joan ziren neurrian, Mornas, Colader edo Funana dantza erritmo herrikoietan oinarritutako doinu kutsakor eta zoragarriak sortzen hasi ziren. Portugaldar kolonoek debekatutako erritmo haiei bultzada eta bizitza berria eman zieten era horretan.

Doinu horiexek dira bilduma dantzagarri eta txundigarri hau osatzen dutenak. Aspaldian entzun dudan gauzarik zirraragarriena da, eta istorio hau guztia, zenbaterainoko egia edo fabula hutsa den ez dakidan arren, David Dieyeren isla eta ilustrazio ederra iruditzen zait. Afrikak bere burua antolatzen oso ondo dakiela esango nuke nik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.