Xabier Amuriza.
PASCALEN ESFERATIK

Ahalik isilen

2019ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Edertasunak triste jartzen nau, Mozartem Requiem-ak, adibidez. Edo zuhaitz jenial batek. Artea sentimendua bada —pentsatzen nuen behinola—, nik baino gehiago sentitzen duenik ezin da izan. Artea espresioa izan, ordea! Baliteke espresatzen onena izatea, norberak fitsik sentitu gabe.

Mugimendu eta estilo piktoriko guztiak itsasoaren hondoko bizian daude, marra eta kolore posible guztiekin. Arrainek horregatik dirudite izaki absortoak. Gizakiok urpekoak bagina, ez genuke pinturarik beharko. Itsas hondoaren imitaziorik hurbilena pagadi bat izan liteke. Esate baterako, Uitzitik Gorritira. Exuberantzia inguratzaile horrek, tamalez, ikusmena mugatzen du. Norberagandiko zirkulu hurbil-hurbila bakarrik uzten du.

Neguko oskarbietan, ordea, ikuspegia erabat zabaltzen da, mugagaberaino. Urkiolako pagadi biluziek naturaren barne arkitektura osoa agertzen dute, marren zehaztasun gardenez. Museo inponente baten nukleo ibiltaria naiz, nondik zehar-ikusten baititut, zuhaiztiez harago, haitz zuriska gotorrak (Anboto, Alluitz, Untzilatx, Mugarra, Leungana...), esanez: «Hemendik ezin da pasatu!». Baina pasatzen naiz, eta bitarte sakon bitatik urrunera, Oiz eta Sollube ageri dira. Hauen ostean, iluntasun horizontal bat, haitzek aizkora forman ebakia. Ez nago ziur itsas horizontea den, baina usaintzen da kresala.

Gorantz begira (Urkiolan gaude), urdin eternoa, zeinari haitzek egin ahal dioten gaitz bakarra baita horizonte hozkari bat jarkitzea. Ez dirudi urdinak minik hartzen duenik. Bat-batean, trokarantz ematen duen hegalean, zurezko mahai jada ilunduetako baten gainean, bikote bat hauteman dut, aurrez aurre eserita, lau hankak elkar gurutzaturik, bizkarrak kurbaturik, aurpegiak hur-hur. Amaitu da esperientzia artistikoa. Zerbait garrantzitsuagoa agertu da. Urrundu egin behar da, ahalik isilen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.