Beñat Eizagirre Indo.
Zinema. Fantasien gatibu

Aitortza

2013ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Turkiako zinema berriaren ordezkari esanguratsuenetakoa da Nuri Bilge Ceylan, eta Bir zamanlar Anadolu'da (2011) bere seigarren lana estreinatu da Bilbon. Turkiako zinema berriak Cannesko eta Berlingo jaialdietan sari ugari eskuratu ditu azken urteotan, baina oraindik publikoaren gehiengoarentzat ezezaguna izaten jarraitzen du. Iraneko zinemaren ezaugarriak ditu, hala nola irudi sinboliko eta poetikoen erabilera, erritmo geldoa, isiluneen garrantzia eta istorio soil eta umilen aldeko hautua, baina Asiako zinemaren tradizioarekin batera, Europako maisuen irakaspenak aintzat hartu nahi izan dituzte zinemagile gazteek. Dokumentalaren eta fikzioaren arteko hibridazioa ohikoa bilakatu den garaiotan, beste era bateko hibridazioak ere posible direla demostratu dute Jodaeiye Nader az Simin (Asghar Farhadi, 2011) bezalako maisulanek. Pertsona arruntekin eta horien egunerokotasuneko buruhausteekin intriga eta misteriozko filmak egin daitezkeela demostratu dute. Ikusleari asperdura eragitea leporatu izan diete Kiarostami gisako egileei, baina Farhadi eta Ceylanek istorio erakargarriagoak findu dituzte euren unibertso propioei uko egin beharrik izan gabe. Lengoaiari dagokionez, elipsiak berebiziko garrantzia hartzen du. Askotan ondorioak soilik erakusten ditu, eta ikusleak xehetasunei arreta ipini behar die puzzlea osatu nahi badu. Bizitza anbiguoa izanik, Ceylanen zinema ere halakoxea da, eta askotan ekintza berberak interpretazio ugari eduki ditzake. Ceylanek zinema bere burua hobeto ezagutzeko baliatzen duela aitortu izan du. Apaizari bekatuak aitortzea gustatuko litzaioke, baina katolikoa ez denez, zinema egitearekin konformatu behar du. Era berean, ikusleari aitortzeko aukera eskaintzen dio, zinema garestia den arren, psikoanalistarena joatea baino merkeagoa baita. Korineren Spring Breakers-en arabera, hondartza eliza (edo zinema) baino leku aproposagoa izan daiteke horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.