Ismael Manterola
Artea. Begiz

Amable Arias

2013ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Kaosari eta zoriari forma izeneko erakusketa Donostiako Koldo Mitxelena erakustaretoan zegoela esan genuen aurreko asteko artikuluan.Zorionez, Amable Arias artistari eskainitako erakusketa horrek Vicente Ameztoiren ibilbide orokorra erakusten duenarekin bat egin du hilabete hauetan.

Denbora tarte batean elkarren ondoan lan egin zuten artisten bi erakusketek garai bateko ikuspuntu ederra ematen dute. Protagonista izan ziren bi artistak 60ko eta 70eko hamarkadahasierako arte egoera ezagutzeko ondo erabil ditzakegu. Hala ere, gaur Kaosari eta zoriari forma izeneko erakusketari buruz hitz egingo dut.

Erakusketa ezberdina dela esan behar da. Artista baten alderdi bakar batean sakontzeko artista horren lan osoa aurkezten delako. Ez da Amable Ariasi buruzko erakusketa ohikoa edo ohituta gauden atzera begirakoa behintzat, eta, aldi berean, Amable Ariasen alderdirik berezkoena azaltzen duela iruditzen zait.

Oteiza, Txillida, Sistiaga, Basterretxea, Balerdi eta Zumetaren aldean, Amable Arias Gaur taldeko artistarik ezezagunena dela esan daiteke. 80ko hamarkadaren hasieran hiltzeak ere izan zuen eragina bere lana ezagutzeko dugun zailtasunean. Hala ere, taldeko artistarik teoriko sutsuena (badirudi Gaurren Manifestoa berak idatzi zuela), eta badakigu (erakusketa honetan ikus daitekeenaren arabera) irakurle porrokatua izan zela; bai literatura, bai filosofia, bai saiakera zale handia.

Hain zuzen, Koldo Mitxelenako erakusketaren ardatza irakurtzen zituen liburuetan egindako marrazkiak dira. Pertsonaia bereziak marrazten zituen liburuen azaletan eta lehen orrietan, tupamaros izendatu zituen liburuak betetzen zituzten izaki lau eta eskematiko haiek. Liburuetan bizi ziren komikietako irudien antza zuten pertsonaiek berehala salto egin zuten Amableren pinturara, harrigarria egin arte hain finak eta garbiak ziren koadroen gainazaletan horrelako pertsonaiak ikustea.

Gaur taldeko pintoreek informalismoaren hizkuntza plastikoa bereganatu zutela esan ohi da. Batzuek espresionismo bortitzagoa, beste batzuek lirikoagoa. Azken mota horretakoak dira Amableren koadro batzuk; horregatik, zaila zen orain arte ulertzea nola sartu ziren koadro zuri edo argi haietan figurazio eskematikoko irudi sinpatikoak. Orain badakigu, betitik bizi izan zirela berarekin, laguntza handia ematen ziotela bere irakurketa zail eta sakon haietan. Liburuetatik ihes egin, eta bere koadroetan sartu zitzaizkion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.