begona del teso
Eppur si muove

Antikristoren Ama, Salbatorearen Ama

2024ko maiatzaren 10a
05:05
Entzun

Joan den mendean, joan den milurtekoan, mojak, lekaimeak, serorak ez ziren, inolaz ere, beldurrezko zinemaren bazka. Alta, agertzen ziren pantailan. Ez, ordea, egun bezala. Zeluloide puskak bi motakoak izan ohi ziren beren eremu goieneko/beherenekoak: goi mailako pelikula kasik filosofikoak, duintasun handikoak, arras espiritualak —George Bernanosen lana inspirazio, Jeanne Moreauk eta Alida Vallik antzezturiko Le Dialogue des Carmelites 1960ko hura, kasurako— edo garai haietan ia pornotzat hartzen ziren film erotikoak. Esaterako? 1971ko Ken Russellen The Devils edo, zergatik ez?, Michael Powellen Black Narcissus, 1947koa! Ahaztu barik denetan ausartena, baita maltzurrena ere, guk horrenbeste maitaturiko Jess Francoren Cartas de amor a una monja portuguesa.

Egiarekin beti zorretan, aipatu behar da izan bazirela gure etxe ondoko zinema korronte eta auzokoetan ikus zitezkeen pelikula kasik normalak non izar handi batek mojarena egiten zuen. Adibiderik? Audrey Hepburn Fred Zinnemannen The Nun's Story hura. Egiarekin oraindik zorretan, gutako askok egun ere amesgaiztoak ditugu Vatikanoko Kontzilioa eta gero kantatzeari ekin zioten zeluloidezko mojekin... Etsenplu? Debbie Reynolds Dominique abestuz The Singin Nun hartan…

Urteak joan pelikulak etorri eta garaiak aldatu… pantailan ere kotxea hartu zuten lekaimeek. Famatuena Hegoaldean eta haratago, Gracita Moralesen Sor Citroën...

Bolada luze batez desagertu ziren gure aretoetatik... Derrepentean, baina, artean ganberro hutsa zen Almodovarrek Arreba Simaurra, Sor Emagaldua, Arreba Kalezuloko Arratoia eta Sor Azpisugea aurkeztu zizkigun 1983ko Entre Tinieblas deabrukeria eder polit hartan.

Beste denboraldi luze samar bat, mendez eta milurtekoz aldatu arte. Bat-batean, Paul Verhoeven ildo klasikotik abiatu zen 2021ean, eta madarikazioz estali zuten Benedetta-n; istorio lesbiko heretiko bat azaldu zigun bortitz eta bero.

Badira urteak, hamarkadak ere, Deabrua moja-etxeetan sartu zela, baina, zin degizuet, azken boladan suertatzen ari dena pandemiatzat jo genezake apurorik gabe. Ikarazko, izuzko filmetan, zientoka lekaime protagonista aurkitzen ditugu.

Ezin ukatu, genero guztietan aitzindari jardun zuen George Melies azti apartak 1899an mojek antzezturiko lehenbiziko beldurrezko filma sinatu zuen. Le Diable au Convent du izenburu eta erraz aurkituko duzue sarean. Hiru minutu dirau 60 metroko pelikula luzera duen bihurrikeria horrek.

Ados. Badira urteak, hamarkadak ere, Deabrua moja-etxeetan sartu zela, baina, zin dagizuet, azken boladan suertatzen ari dena pandemiatzat jo genezake apurorik gabe. Ikarazko, izuzko filmetan, zientoka lekaime protagonista aurkitzen ditugu. Zinemaren onurako. Zinemaren txarrerako. Zaleon pozerako. Zaleon tristurarako. Noiz, nola, non hasi zen dena? Zaila da unea/gunea zehatz-mehatz finkatzen, baina esan dezagun Errumanian kokaturiko The Nun (2018) izan zela abiapuntua. Ona zen. Ezinegona sorrarazten zuen eta estreinakoz apaiz-exorzistak lekaime gazte bat zuen laguntzaile. Bigarren mailako (edo) pertsonaia honek The Nun II haren zama osoa hartu zuen bere gain 2023an. Ikaragarri hori ere. Hiru emakume (bi moja) demonio guztien kontra adoretsu eta irmo. Bitartean, Netflix plataforman atsegin hartu genuen gidoigile batzuen azken-aurreko atrebentziarekin. Arras erotikoa zen Drakula bati eskainitako telesailean, banpiro nagusiari aurre egiten zion moja/doktore batek, banpiro ehiztaririk famatuenaren abizena zuen Arreba Agatha van Helsingek, hots.

Besterik? Bat baino gehiago, ahizpok. Lasterrean iritsi zen pantailetara Prey for The Devil, Vatikanoak berak onarturiko lehen emakume (moja, jakina) exorzistaren inguruko ipuin malapartatua.

(ID_13854893) (/EZEZAGUNA) pray
Prey for The Devil filma.

Nahikorik? Ezta pentsatu ere. Ahoa bete letagin, begiak bete odol, belarriak bete ulu, umetoki bete munstro utziko dizkizu(gu)ten bi falta zaizkizu/gu. Hain zuzen ere, burutik egingo gaituzten bi altxor satsu. Biek aurre egiten diete arau normatibo guztiei, biek aldarrikatzen dute emakumeon gorputza geurea dela. Biak agertzen dira gorputz horien manipulazioaren kontra. Biak dira Alex de La Iglesiaren 30 monedas hura baino askoz heretikoagoak. Eta, sinetsi ala ez, batak bestea baino zigor handiagoa jasoko luke inoiz Azken Judizioa ospatuko bazen. Izan ere, Arkasha Stevensonen The First Prophecy-n Erromako Elizak Antikristoa jaio dadin nahi du, horrela, Apokalipsiaren beldur, gizadiak fedea berreskuratuko bide baitu. Michael Mohanen Inmaculate-k askoz urrunago jotzen du: Jesus hil zen gurutze hartan jasotako iltze batean aurkituriko jainkoaren (sic) DNAz (sic) Mesias berriro sortzearekin egiten dute amets Elizako batzuek... Bietan, jakina, ezinbestekoak, birjinak diren bi mojaren... uteroak.

Ikaragarria, bai, mojen presentzia gurean. Eta ez pentsa, bai Arreba Margaret bai Sor Cecilia ez dira ez Sor Citroën, ez eta Dominique nique nique hura ere. Inorengan, ezerengan sinetsi nahi baduzue, hobe biengan jarri zuen zeluloidezko fedea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.