Arantza Gurmendi, izar ugari ilargiaren beste aldean

Olatz Beobide
2023ko abenduaren 28a
05:10
Entzun

Hementxe nabil zuri, zutaz idazten. Hau marka! Egia da ilbete berean bi aldiz bisitatu ditudala hiletxeak. Alberto Arizaga agurtu genuen atzo, baina horri amaieran eutsiko diot.

Arantxa, zure agurra zeru urdin dotorean izan zen. Anttonek, Urkok eta hainbat lagunek hitzak, doinuak eta irudiak jarri zizkioten bidaia amaiera horri, edo hasiera berri bati. Batek daki. Zuk jada bai. Beti izan zara aitzindaria.

Arantxa Gurmendi bezala ezagutuko zaituzte gehienek. Aktoreak horrela gogoratzen dira, izen eta abizenez, eta askotan antzerki, abesti edota pelikula bati lotuta. Edota ezizen bati.

Askorentzat Goenkale-ko Hortentsi izango zara. Ondo lotuta beraien oroitzapen eta irribarreetara. Normala; kuadrilla fantastikoa osatu zenuten Maite, Abelin, Kontxu, Mikel, Pedro eta beste aktore arraldetarrek. Bikaina erronka. Eguneroko bat euskaraz, herri txikia handia bihurtu zuena. Bertan ia guztia gerta zitekeen. Zuek gertu, umorea barra-barra.

Niretzat emakume ausarta, indartsua, kementsua eta alaia zara.

Ausarta letra handiekin, 1965ean oraindik diktaduraren eta zentsuraren garaian Ibsenen Andere etxea antzeztu baitzenuten. Antzokiek dituzten pareta-oholtza mugatuak beti izan baitira bidaiatzeko alfonbra magikoak. Orain egun, orain gau, orain etxean, orain Norvegian.

Jarrai antzerki taldea zen zuena. Jende zoragarri batzuena, nire gurasoena. Badakit euskararen eta istorio berrien gose betetzen zirela antzokiak, eta Nora zure pertsonaiaren hitzekin, buru-bihotzak iraulita aterako zirela kalera. Iraultza garaietan labea egoki berotzea hain da garrantzitsua. Altxorra bezala gordetzen ditut zuen libretoak. Batzuk multikopistan, besteak eskuz idatzita.

Ondo gogoratzen zaitut parte zaharreko izkina batean bero-bero hitz egiten zure dokumentalez. Giza eskubideen grinak eta zure bizitzako bidaia ugarietan ikasitakoak eramango zintuzten lan eder horiek egitera. Hori abantaila, oraindik lurrean ditugu ikusgai!

Hasieran esan bezala, Alberto agurtu genuen atzo. Berarekin antzeztea izan da nire karrerako une zoriontsuenetako bat. Entseguetan ginela agurtu zuen berak bere arreba, hori ere ezin ahaztu. Alberto teknikari bikaintzat daukate gehienek, ekoizle azkartzat beste askok, baina Alberto Arizaga aktorea ere izan zen, oholtza gainean behean bezain eskuzabala eta maitagarria.

Ai ama! Martxa honetan ilargiaren beste aldea aktorez, zuzendariz, teknikariz, idazlez, ekoizlez eta saltzaile onez betetzen ari zarete. Laster ilargiaren orban beltzetan ortzadarra aterako da, zuen magiaren poderioz. Eta guk ikus dezagula!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.