A rtearen kontzeptuari buruzko eztabaidetan beti bukatzen dugu esaten ez dagoela lan, objektu edo ideia bat artea den edo ez erabakitzeko epaitegirik. Artistak gizarteari proposamena egiten dio, eta honek, adostasun sozial gutxieneko baten bidez, onartzen du edo ez (oro har arte mundutik datorren guztia artetzat onartzen du).
Baina, hara non, aurreko asteko berri baten bidez jakin dugunaren arabera, Europako Kontseiluak Dan Flavinen eta Bill Violaren lanak artea ez direla erabaki du. Harrigarria den erabakiak ez du zalantzan jartzen XX. mende bukaerako artista ezagunen lana edo prestigioa, arte mundukook aspalditik onartzen ditugulako Flavinen fluoreszenteak eta Violaren bideoak arte erakusketetan eta museoetan.
Beraz, ez da artearen gaineko eztabaida kontzeptuala, estetikoa edo filosofikoa Europako Kontseiluak erabaki duena. Artean sarritan indar handia duen diru kontuei buruzko arazoa konpontzera omen dator Europako estatuko epaitegien gainetik dagoen erakundea. Itxuraz, orain dela urte batzuk, arte galeria batek bi artisten lanak Ameriketako Estatu Batuetatik Erresuma Batura sartzerakoan, artelan moduan aurkeztu zituen aduana zergak ordaintzeko bulegoaren aurrean. Erresuma Batuan kanpotik eramandako artelanek % 5eko BEZ berezia omen dute, eta, beraz, zerga horrekin iritsi ziren aduana bulegora.
Baina fardelek barruan zeramatena begiratzerakoan, argi aparatu gisa sailkatzea erabaki zuten muga zaintzaile prestuek. Horren arabera, BEZa %20koa izan beharko zen, hau da, 36.000 librakoa.
Galeriakoak, konforme ez zeudenez, auzia epaitegietara eraman zuten, eta Erresuma Batuko epaileek arrazoia eman zieten. Auziak ibilbidea jarraitu du Europako Kontseilura iritsi arte, eta azken honek estatuari edo aduanako zerga biltzaileei eman die arrazoia.
Horren ondorioz, Europako Kontseiluak Flavinen artelanak «hormako argiztapen aparatu» moduan sailkatu behar direla dio, eta Bill Violaren bideoak ez omen dira artelana, «instalazioa bera ez delako artelana, argi efektuek eragindako operazioen emaitza baizik». Europako Kontseiluaren hitz horiek irakurrita, bi artisten lanak artelanak izateko piztuta egon behar dutela ondorioztatu behar dugu. Oraingo honetan, zerbait artea izateko ahalmena argia pizteko eta itzaltzeko botoian dago.
Begiz. Ismael Manterola Ispizua
Artearen epaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu