Artea. Begiz

Artearen ikerketa

Ismael Manterola
2011ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Non egiten da zientziari buruzko ikerketa euskaraz? EHUn batez ere. Non egiten da arteari buruzko ikerketa euskaraz? Inon ez.

Badakit zientzialari euskaldunak ez direla guztiz konforme egongo aurreko esaldiarekin. Badakit zientzian euskaraz lan egitea ez dela erraza, ez dagoela gauza handirik, baina dagoen gutxi hori Euskal Herriko Unibertsitatean dago.

Gure kasuan aldiz, artearen ikerketarik ez dago, ez EHUn ez beste inon. Badakit zaila dela, badakit erakundeek (unibertsitatea barne) ez dutela laguntzen, unibertsitateko irakasleen ibilbide funtzionarialean euskarak ez duela garrantzi handirik, lan bikoitza dela euskaraz argitaratu nahi izatea edo ikerketa taldeak osatzea, tesinak eta tesiak euskaraz egitea ia ezinezkoa dela; hala ere, askotan pentsatzen dut geure buruetan dagoela oztoporik handiena.

Egun hauetan Paisaia Kritikoak. Urdaibaitik abiatuta: arte, natura eta pentsamendua nazioarteko mintegia antolatu da. Lan izugarria egin dute egitarau interesgarria osatzeko eta, agian horregatik, antolatzaileei gaurko artikulu honetako hausnarketa kritikoegia irudituko zaie, baina egitaraua irakurtzeak artearen ikerketaren gaineko gaia aztertzeko aitzakia eman dit. Alde batetik, ez dagoelako euskaraz hitz egingo duen hizlaririk, eta, bestetik, hitz egitera gonbidatutako artista euskaldunek gaztelaniaz hitz egingo dutelako.

Askotan euskaldunok ditugun mugak geure buruetan daude eta ez zaigu bururatu ere egiten arteari buruzko goi mailako hitzaldia (hau da, dibulgaziorako ez dena) euskaraz izan daitekeenik. Antolatzailea EHUko lau irakaslez osatutako ikerketa taldea izanda, lau irakasle horietatik hiru euskaraz lan egiteko kontratatuta egonda eta besteak, nahiz eta euskaraz ez hitz egin ulertzen duela jakinda, harrigarria da horrelako txikikeriatan ez erreparatzea.

Unibertsitateko irakasle baten zereginen artean, eskolak emateaz gainera, ikerketa dago. Hala ere, gutako askok euskara eskoletara mugatzen dela pentsatzen dugu (oinarrizko zikloetan gainera) edo beste erremediorik ez daukagu. Erakundeak ez duela gehiegi laguntzen onartuta ere, guk geuk ere ez dugu gauza handirik egiten egoera aldatzeko, errazegi onartzen dugu ikerketa gaztelaniaz izan behar duela. Arte diskurtsoa gaztelaniaz errazago egiten zaigulako izango da? Pixkanaka, gauza txikietatik hasita, egoera aldatzen hasteko unea dela iruditzen zait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.