Juan Luis Zabala
DENA ETA EZTENA

Arteleku eta artearen lekua

2015eko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Disimulu eta eufemismo artean amaitu da Artelekuren historia. Zehazki noiz amaitu den jakitea ere eragotzi digu hainbeste disimulu eta eufemismok. Begien bistakoa zen Arteleku amaitzera edo, bestela, Tabakaleraren parte izatera kondenatuta zegoela, baina arduradun politikoak ez ziren ohartu; edo ez ohartuarena egitea nahiago izan zuten, unean uneko prentsaurrekoa zikintzeko beldurrez.

«Ezer ez da betiko, baina gauza batzuek ahaztezin izateko adina irauten dute», idatzi zuen Santi Erasok bere blogean (Arte, Cultura, Ética y Política), gaztelaniaz, iazko maiatzean, ia hogei urtez zuzendu zuen arte zentroari buruzko agur giroko testu baten amaieran. Eta honako hau zioen testu berean baina pixka bat lehenago, zentroaren urrezko aroaz ari zela: «Uste dut Artelekuren izaera berezi hura posible izan zela, besteak beste, Arteleku, geografikoki nahiz kontzeptualki, hiriaren periferian eta artearen sistemaren ertzetan sortu zelako; inoiz ez zuelako egon nahi izan arte garaikidearen maparen erdigunean. Horrenbestez, ez zen inoiz egon beren erabakiekin zuzenean eragiten zioten politikarien interes instrumentalen erdigunean»; kasu bakan batzuetan baino ez omen zen izan, orduan, «arreta mediatikoaren fokua».

«Benetako artea espero ez dugun tokian dago beti, artean pentsatzen ez den eta artea aipatu ere egiten ez den tokian», esan zuen aspaldi Jean Dubuffetek. «Inork atzeman eta seinalatu orduko, ihes egiten du, egon den tokian figurante laudatu bat utzita, bizkarrean Artea dioen kartel handi bat duela».

Ezer ez izatearen hutsean du indarra arteak... indar horrexek zerbait izanarazi arte. Beste nonbait dago beti artea, ihesi. Artelekuk lortu du hala ere, izenaren jabe eginez, 27 urteko historian artea sarri eta gustura izatea bertan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.