Bertsolari Txapelketa Nagusia. ANALISIA

Atea itxi da

Gorka Azkarate.
2017ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Esango nuke guztiok jotzen genuela ziurtzat Aitor Sarriegi eta Aitor Mendiluze finalerako sailkatuko zirela. Bien artean ia berdinketa puntutan, atzokoan Sarriegi aurretik, merezita gainera. Bakarkako gogoangarri bat beste behin ere, azkenean doinu xelebre hori gustatu eta guzti egingo zaigu! Bakarka bakarrik ez, puntuka ere latz egin zuen, eta hamarreko txikian… saio ederra finean. Mendiluzek ez zuen, Durangon egin moduan, barruan daraman tankea atera, beharrik ere ez, eta bidean topaturiko guztia suntsitzen baino kantukideei patxada transmititzen egin zuen lana goraipatu behar ezinbestean.

Finalera iristeko ez da nahikoa ondo kantatzearekin, definitzen zaila den zerbait gehiago behar da: batek finalera iristea merezi duela sinetsi behar du, eta sinetsarazi segidan publikoari. Miren Amurizak, Oihana Iguaranek eta Alaia Martinek (azken horrek balentria behar zuen egin txartela lortzekotan) ez zuten sentsazio hori transmititu saioan zehar, ondo jardun bai, baina «finalean egotea merezi dut» oihukatu gabe. Unai Agirreren kasuan, berriz, bestelakoa izan zen garapena: 8ko nagusian baleko, 8ko txikian ederki, puntukakoan zoragarri, 10eko txikian harrigarri (anorexia bezalako gaiari dramatismoa erauziz) eta kartzelan baleko (kartzelatik atera nahi ez duen bertsolariaren papera ez zitzaidan oso sinesgarria iruditu). Edonola ere, finalean egoteko moduko saioa, puntu dexente behar bazituen ere, saioa hasi aurretik. Eta lortu zituen, lortu zituenez, puntuak eta txartela. Orain lau urte patua krudela izan zen hernaniarrarekin; atzoko pozarekin, arantza aterata.

Amurizak puntu gutxi xamar pilatu zituen, eta finaletik urrun geratu zen azkenean. Ez zen arratsalde erraza izango berarentzat. Lehenengo bertsoaldian ia sudurreko odol jario bat tarteko mukizapia sudurrean egin zuen bertsotan, eta oholtzatik joan-etorrian aritu zen saio osoan zehar. Irudi bitxia, benetan. Lehendik ere nahiko lan ez, eta elementuak kontra. Izango ditu aukera gehiago, Alaia Martinek eta Oihana Iguaranek izango dituzten bezala. Lehena finalerdietan galduta bezala ikusi dugu, bere mailatik urrun, bere burua aurkitu ezinda aritu zen Irunen eta baita atzo Iruñean ere. Pena. Iguaranek ere ez du finalean kantatuko, baina azken bi urteetako bere bilakaeraren mugarritzat jo badaiteke txapelketa nagusi hau (Gipuzkoako finala, plazetako jarduna, #BTN17), pozik egoteko moduan da, etorkizunean egin dezakeenaren pistak eman baititu. Ez, finalean ez da bigarren emakume bertsolaririk igoko oholtzara, baina zortzi bertsolari handi igoko dira, eta saio bikaina eskainiko digute, ziur egon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.