Oier Iruretagoiena.
LAUHAZKA

Autobidea

2020ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
AP-8 ondoan hazitakoa naiz, eta orain ere AP-8 ondoan bizi naiz. Nire bizitzaren soinu paisaiako geruza oso presentea izan da auto eta kamioien emari etengabearen zarata. Gauez nabarmentzen da batez ere, gainontzeko soinuak isiltzen direnean. Eta etxeko leihoak itxita edukita ere, edo barruko patio batera ematen duen azken zokoan jarrita ere, autobidea entzuten da gauez; logelan, komunean, sukaldean, korridorean. Loezinak narabilenean, hori izaten da entzuten dudana, eta niretzat atseden ordu diren horietan ere, autobideak eta burtsak —besteak beste— etenik gabe martxan jarraitzen dutela erakusten dit. Eta a zer etorria eta eramana, gaueko ordu oso txikietan eta trafiko gutxien dabilenean ere nekez pasako baitira 15 segundo ibilgailuren bat pasa gabe, eta pasa eta pasa, ez da sekula isiltzen, auto bat urruntzen hasterako bai baitator beste bat atzetik, eta zaharraren burrundaren lekukoa hartzen du berriak. Noizbait jarri izan naiz ondoan eta itxaron, ea tregoaren bat gertatzeko momentua harrapatzen nuen. Baina ez, eta halakoetan pentsatzen dut tregoarik ez dela izango urteetan edo hamarkadetan. Inportatzea, esportatzea, oporretan joatea, lan egiteko egunero joan-etorriko kilometro asko egitea, eta abar, eta abar. Geure bizimoduaren berri ematen du autobideak.

Laster amaitzera doan 2020 honetatik gogoan geratuko zaizkigu gutxienez bi gertaera. Batetik, Zaldibarko zabortegiaren amiltzea, eta bestetik, birusaren hedapena eta hori dela eta ezarritako neurriak. Biek eragin diote autobideari.

Otsailaren 6an, luizi batek AP-8 autobidea bi noranzkoetan itxi izana izan zen komunikabideetatik gertaera horren inguruan jaso nuen lehen-lehen berria. Eta geroago iritsi zitzaidan informazio gehiago: zabortegia zela amildu zena eta bi langile harrapatuta egon zitezkeela. Hamabost orduz itxita egon ondoren, hurrengo goizean ireki ahal izan zuten autobidea, Bilborako noranzkoko erraiak garbitu eta bypass bat eginda. Orduan geratu zituzten tarte batez Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran zabortegiko langileen bilaketa lanak, hondakinen artean amiantoa agertu zela-eta. Handik bi astera, autobide azpiko Olaetxea baserriko Lourdes Olaetxearen hitzak zekartzan egunkari honek. «Galarazita dugu [etxean] egotea, baina hor gainean jende asko dago lanean, eta autobidea irekita dago. Gu arriskuan bagaude, haiek ere bai. Badirudi garrantzitsuena autobidea irekitzea dela».

Apirilean gero, oinarrizkoak ez ziren lanbideek Hegoaldean geratu beharra izan zutenean, asko nabaritu zen autobideko trafikoaren beheraldia. Kaleko isiltasuna ez zitzaidan hain deigarria egiten, bestela ere gertatzen baita batzuetan kalean ia inor ez ibiltzea, eta autobidea isiltzea zen benetan ohiko errealitatearekin haustura bat sortzen zuena. Horrek ematen zidan ezohikotasunaren neurria. Leihotik autobideko autoen maiztasuna kontatzea izan nuen itxialdiko nire jardueretako bat, eta gutxi gorabehera minuturo ibilgailu bat edo bi pasako ziren.

Ohiko trafikoa berreskuratuta dabil orain, eta haretxen burrundara entzuten ari naiz orain bertan ere, hau idatzi bitartean.

Zarata ezberdinak dira ibilgailuen motorrarena, pneumatikoek errepidearen kontra egiten dutena eta autoen ziztuak sortzen duen haize mugimenduarena, baina autobidetik zenbat eta urrunago egon entzulea, orduan eta elkar-nahastuago eta lausoago iristen zaizkio, murmurio bakar bat sortu arte. Alderatuko bagenu murmurio hori kostan itsasoak sortzen duenarekin, oso ezberdinak ez direla konturatuko ginateke. Soinu frekuentzia antzekoetan dabiltza biak. Gertutik ez, olatuek kostaren kontra lehertzean egiten duten zarata ezberdina delako abiadan pasatzen diren autoenetik, baina urrundu ahala, gero eta antzekoago bilakatzen dira biak.

Ez dut testu honen irakurlegoaren iritzien aurrejuzgurik egin nahi, baina uste dut orokorrean zarata desatsegintzat hartuko genukeela autobidearena, eta atsegintzat edo lasaigarritzat joko genukeela itsasoarena. Baina hori hala dela pentsatzen badugu, ez da soinuen izaeragatik beragatik edo tinbreagatik izango, eta soinuen jatorriei egozten dizkiegun konnotazioak izango dira arrazoia.

Haurtzaroko eguneroko paisaiaren zati da niretzat autobidea, eta lotura afektibo sendoa uzten du horrek. Badakit zer eraso egiten dion inguruneari, eta zer sistema eta bizimoduren erakusgarri den. Nekea eta frustrazioa sentitzen ditut errepide berri bat egin behar dutela entzuten dudan bakoitzean, eta pentsatzen dut noiz utziko ote diogun bazter guztiak txikitzeari, eta etengabeko ustiaketaren eta ondasun pilaketaren atzetik ibiltzeari. Baina aldi berean, garai eta leku honetan jaiotakoa naiz, eta nire mundu afektiboaren zati da halako gauza bortitz bat ere. Amodio-gorroto harremana daukat autobidearekin, eta etxean sentiarazten nauen soinua da harena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.