Elena Martinez Rubio.
LAUHAZKA

Azal-egile baten nahasmenaren harira

2017ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Jan van Eyck margolari flandestarraren Arnolfiniren ezkontza izeneko lan ospetsuan, banku-gizon aberatsak hoztasun handiz eta bekozko ilunez heltzen dio, ezkerreko eskuaz, emaztegai gaztetxoaren eskumari, beste esku jasoaz zin egiten duen bitartean. Hots, bi pertsonaion agerraldiak ezagutzera ematen duenez, kristau ezteiak ari dira ospatzen XV. mendeko Brugge hirian. Ezteiak diogu, une horretantxe ezkontzen direlako biak. Izan ere, aski zen orduan ezkongaiek elkarri hitza ematea ezkonduak izateko. Lekukoak eta apaiza ez ziren beharrezkoak izan, harik eta Trentoko Kontzilioak mende eta erdi beranduago bestelako baldintzak ezarri zituen arte.

Alabaina, L'Amour et l'Occident (Maitasuna eta Mendebaldea, 1939) liburu arrakastatsuaren hamaika argitalpenetariko baten azal-egileak huts egin zuen aipatu irudiaren zati bat —hain zuzen, eskuak agertzen direna— hautatu zuenean idazlanaren mamia irudikatzeko. Bada, Arnolfinik ezkerreko eskuaz eginiko keinuak ezkontza morganatikoa dela adierazten du: batetik, ezkontideak ez dira gizarte-maila berekoak; bestetik, emazteak uko egiten dio senarrarengandik ezer oinordetzeko eskubideari, baita bere umeen izenean ere. Beraz, kalkulu zorrotzak agintzen du hemen, ez bihotzak.

Denis de Rougemont filosofoak, ordea, mito bat aztertu zuen L'Amour et l'Occident bere liburuan, XX. mendean oraindik ere nolabaiteko eragin poetikoa zuelakoan: hain zuzen, Tristan eta Isoldaren arteko maitasun edo maitemintzearena. Mitoak, kontakizun zelta bat zuen jatorri. Erdi Aroan, berriz, kataroen eta cortezia zelakoaren giroan zabaldu zen, ezkontzaz kanpoko harreman gisa. Probentzerazko cortezia hitzak zaldunen ezaugarriak biltzen zituen bere baitan: prestutasuna, omen ona, adorea, andereekiko atxikimendu eta miresmen ezohikoa... Argi denez, Arnolfini dirudunaren ezkontza morganatikoak ez du lotura handirik horrekin guztiarekin.

Edonola ere, historian zehar asmatutako ezkontza-ereduak zenbatu ezinekoak dira, eta denak jakingarriak. Gizarteak hamaika eratara arautu ditu umeen jabetza nahiz ondasunena, betiere talde bakoitzaren iraupena bermatu eta alderrai samarra izaten den norbanakoaren sexualitatea zuzendu nahian. Zeresanik ez, gizonezkoen agintekeria nagusitu da antolabide gehien-gehienetan.

Poligamia, poliandria eta monogamia ezagunak alde batera utzita, badaude —europarroi behinik behin—, oso bitxiak zaizkigun ezkontzeko aukerak. Esaterako, Tansaniako kuria edo Sudango nuer herrietan egiten den emakumeen arteko ezkontza, zeinak ez duen zerikusirik onartzen hasi berriak diren homosexualen artekoekin. Hitzarmenak ez du sexualitatea barne hartzen, xede duelarik senarrik gabeko emakume batek —normalean gazteagoa eta behartsuagoa den— beste baten bitartez familia izatea. Hau da, amatasun ordezkatu antzeko bat, herriko gizon batekin. Harrigarriak dira ere Txina aldeko ghost-ezkontzak (hildakoaren arima, ingelesez), zeinetan norbait hildako batekin ezkontzen den, besterik ezean. Zalantzarik ez, ezkongabe geratzea hondamendia da, tradizioz, makina bat tokitan.

Eskuarki, txikia da sentimenduen dosia ezkontza moldeetan. Jarrera prosaikoak gailentzen dira. Era berean, ameskeriatzat jo ohi da ezkontza amodioarekin batzeko asmoa. Ekonomia eta kontrola dira ardatz, azken batez.

Testuinguru honetan, Günther Nenning kazetari austriarra ekarri nahi dugu gogora, ikuspegi feministatik mendebaldeko gizarte kapitalistari kritika egin dioten gizonezko bakanetariko bat izan zelako. Nenningek ondoko hau idatzi zuen 1975ean orduko ezkontza-jarraibideei buruz, Wir Männer sind Schweine (Gu gizonok txerriak gara) testuan: «Nagusi den moral sexualaren helburua ez dago hor jendeak bete dezan». Aitzitik, bete ezin delako dago indarrean. Alegia, aginte-sistemak ezintasun horri esker erabil ditzake, nahierara, errutasun eta beldurraren sareetan harrapatutako gizabanakoak. Nenningen ustez, gerruntze itogarria bezain iruzurtia da ezkontza, bereziki emakumeentzat.

Hala eta guzti, nabarmenak dira azken hamarkadaotako aldaketak. Bikotekideen banatzea gero eta arruntagoa da. Merkatuak ez du betikotasunik ez egonkortasunik nahi, baizik eta etengabeko mugimendua eta aldakortasuna. Ildo beretik, zirikatu egiten ditu herritarrak edozein desira lehenbailehen ase dezaten, gutizia moduan. Bestalde, alor orotan egiten da topo emandako hitza jateko joerarekin, Arnofilniren aroan ez bezala.

Honezkero, Denis de Rougemontek aztertu zuen pasio mitiko hura hankaz gora dago, erabat. Betekizun bakarra geratu zaio: bizipen zirraragarriak eta abentura txikiak sustatzea eguneroko monotoniari arinki aurre egin ahal izateko.

Hori bakarrik ez: Tristan eta Isolda prest egon ziren maitasunagatik bizia emateko; egun, aldiz, gizonezko asko, behin grina gaiztoaren barrena abiatuta, herioa emateko prest egoten dira, nori eta maite omen dutenari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.