Alberto Barandiaran.
Sorbideak

Azoken ereduak

2013ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
«Eredua zaharkitua egongo da, baina aldaketa eskatzen dutenek ez dute ezer proposatzen». Moises Perez de Albenizi entzun, Arco arte azoka dela eta, eta Durangoko Azokaren eta Aiert Goenagaren artekoa lehertzea bat izan da ia. Eta hor ere, eredua omen da arazoa. Eredu horizontalaz eta eredu bertikalaz hitz egin dute batzuek eta besteek. Kudeaketaz ere bai.

Arco arte azoka urteroko erakusleihoa da, artelan kontuetan. Erakusleiho hitza, hemen, inoiz baino egokiago erabilita dago noski, erakusleiho handi bat baita Madrilekoa. Kristal handi bat non artistak beiraz bestaldean paratzen diren manikiak bezala, salgai. Salerosketa gune handia, azoka hori, non eroso ibili izan diren, urteetan, erosle handiak, egunerokoarekin zerikusi gutxi duten norbanako aberats horiek, gaur egun ezkutuka dabiltzanak pobrezia maila dela eta lotsatu antzean eta hala ere inoiz baino aberatsagoak direnak. Horiexek izan dira, urteetan, Arco azokari eutsi diotenak. «Eredua zaharkitua» ote dagoen gogoetatzen du Iruñeko bildumazale martxantak, baina ez da eredua zaharkitua dagoena, ezpada dena. Dena dago zaharkitua.

Durangoko Azoka ere, merkatu handi bat izan da urteetan. Beharbada horri esker iraun du, eta beharbada horri esker hartu du gaur egun daukan presentzia. Gernikako merkatu antzeko zerbait behar ote zuen euskal kulturak? Baliteke. Atxagak behin baino gehiagotan esan izan du zein bakardade gorrian aritzen ziren duela hogeita hamar urte idazten aritzen ziren euskal sortzaileak, eta Durangokoak babes bat eman zien haien alde apustu egiten hasi ziren enpresa txikiei.

Izan dira, urte hauetan guztietan, ahotsak, toki aldaketa eskatu dutenak. Izan dira ereduaren beraren aldaketa eskatu dutenak. Azoka ez hain komertziala, ezpada berritzaileagoa eta sortzaileagoa eskatu dutenak. Ez dira asko izan, urtero nagusitu delako azokaren alboko kalteak txikiegiak zirela ziotenen arrazoinamendua, onurak begibistakoagoak zirelakoan. Onurak kultura industriarentzat, nagusiki, bistan da. Argitaletxe eta diskoetxeentzat.

Duela urte batzuk, berriz, Ahotseneak beste bide bat bazegoela erakutsi zuen. Beste bide bat non egileak presentzia handiagoa izango zuen, non enpresak ez zuen hainbeste estaliko benetako protagonisten irudia. Polita da metafora: sortzaileak ikusezin bihurtu ziren ia Durangoko salmahaien arteko pasabideetako jende uholdearen artean. Liburu pilek ez zuten aurpegiak ikusten uzten.

Bai, Ahotseneak aurpegiak erakutsi zituen. Tokia eman zien idazleei, musikariei. Aurtengoan, gogoangarria izan zen Hedoi Etxartek egin zuen manifestua, bere azken liburuarekin. Errebindikatuz egilearen errebeldia, ozen oihukatu zuen bere poesia lanean dagoen amorrua, kritika, ezinegona; ozen aldarrikatu zuen idazleari dagokion partea, eta ozen haizatu zuen barruak eskatzen ziona. Ozen saldu zuen liburua. Eta ozen esan ahal izan zuen esan nahi zuena Ahotsenea hor zelako. Batzuek irudikatu zutelako salmahaiaz haragoko azoka bat.

Horren arrimuan sortu eta hazi diren Irudieneak, Kabi@k edo Saguganbarak espazio berriak erantsi dizkiote azokari. Ahots ugaritu dira, aldarrikatzeko gune eta eszenatoki ugaritu direlako. Eta hori lehen ez zegoen. Hori egon da aurten, eta horren aurpegia Aiert Goenaga izan da.

Durangoko Azokaren azken edizioan rol aktiboa jokatu duenak badaki zenbat eman dion Goenagak azokari. Aurten berak martxan jarritako proiektuen artean, Askarako dago, azokak berez sortzen duen kultur sorkuntzaren inguruko eztabaida urte osoan zehar luzatzeko ahalegin xumea, baina interesgarria. Batez ere, beste eredu bat aldarrikatzen duelako: aste erdiko azokaz gain, urte osoko eztabaidagunea. Lau mahai inguru egin dira, euskal kulturaren ikusezintasunaz. Proiektu gehiago zegoen aurrerantzean egiteko ere.

Eredu aldaketa hor dago. Hor dago proposamen bat.

Gerediaga Elkarteak esan du eredu hori ez dagoela ezbaian. Norabide bera izango duela aurrerantzean ere, eta sortutako koordinazio mahaiak jarraitu egingo duela lanean. Horrela bada, orduan azalpen gehiago behar dira. Azalpen gehiago, eta argiagoak. Bestela, ez baita askorik ulertzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.