Kritika. Musika

Bach bitarteko, bidean tinko

2024ko otsailaren 28a
05:00
Entzun

'MUSIKENEKO PIANO IKASLEAK II'

Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko piano ikasleek, Donostia Musika elkartearen eskutik, J. S. Bachek konposatutako Ondo tenperatutako klabea obraren lehen bilduma eskaini zuten asteburuan, bi saiotan. Larunbatean, tonalitate maiorretan idatzitako preludio eta fuga gehienak entzun ziren; igandean, berriz, tonalitate minorretan idatzitakoak. Banaketaren zein interpretazio ordenaren zioak nolabait arrazionalagoak izatea espero zitekeen arren –justifikazio harmonikoren batean oinarrituta, akaso bostunen zirkulua jarraituz–, izaera guztiz desberdina zuten kontzertuak eskaini zituzten. Horrez gain, obraren testuingurua eta zentzua ulertzeko ohar bikainez lagundu zituen Javier Hombriak kontzertuen aurkezpenak.

Pianoaren didaktika eta entretenimendua batzen diren honetan, benetan zaila da Bachen musikak eskatzen duen gardentasuna eta zehaztasuna melodiaren norabidearen zentzuarekin, dinamikaren zainketarekin zein mekanikotasun hutsetik aldentzeko beharrarekin bateratzea. Interpretazioak interpretazio, nork bere oreka topatzeko bidean daudela erakutsi zuten guztiek. Larunbatean, piezetan egonkortasuna eta garbitasuna areagotzen joan zen kontzertuak aurrera egin ahala. Igandeko saioan, aldiz, hasieratik hauteman zitezkeen, handik eta hemendik, egonkortze prozesu horren etapa askotarikoak. Nabarmentzekoak, batetik, Vidalen zuhurtasuna 24. preludio eta fuga si minorren zatian eta, bestetik, Gorguesen bizitasuna 20. preludio eta fuga la minorren atalean, baita Hombriaren arreta eta leuntasuna 22. preludio eta fuga si bemol minorren sotilean.

Denera, pozaldiz baino ezin da hartu Donostia Musikak aurten Johann Sebastian Bachi eskainitako musika zikloan ikasketa prozesuan murgilduta dauden gazteei eszenatokia hartzeko aukerak ematea; eta hori, gainera, ez berariazko ziklo bat osatuz, baizik eta publiko orokorrari zuzendutako saioetan. Horrelako espazioak eta denborak betetzea musika gizatiartzeko eta gizarteratzeko estrategia paregabea da, bere horretan baliotsua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.