Miren Narbaiza.
BI AHOTSETARA

Baguzi

2015eko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Nire preferentzien artean kontzertuak ikustera joatea postu gorenean dago. Baita Euskal Herria zeharkatu behar bada ere eguraldiaren gaineko alerta ohar guztiei entzungor eginez, «mantso-mantso joanen gara» geure buruari konbentzimendu guztiz esaten diogularik. Nahiz eta abiatzean ez jakin egun bat beranduago etxeratuko garela, profezia baten modura musikariak «ez zait errexa izanen, etxera bueltatzea» kantatuko zigun modura.

Horrela ba, road trip horietako batean nola, gure gustuko musika ipini genien bide bazter zurituei, eta halako batean heldu ginen Bilboko Kafe Antzokira, Joseba Irazoki eta Lagunak zuzenean ikustera.

Disko berriaren aurkezpen kontzertua zen ostegunekoa. Zeruaren etengabeko emaria kontuan izanik, nahikoa jende izan zen espektakulu haren testigu. Ez noa ni lerrootan azaltzera zer izan zen hura, ez baitzait iruditzen batere lan erraza ikusentzundakoa kronika baten bidez irakurleari ulertaraztea. Baina esan dezaket baieztatu nuela, beste behin, Joseba Irazoki bat eta bakarra dela. Bere abestietan zapaltzeke dauden lur berriak deskubritzen dituelako erritmo eta tenpoen jolasean, mundu urrunetako marrazkiak tindatzen dituelako gitarraz, eta gorputz guztiaz adierazten begi-aho imintzioetatik gitarrara pasatu eta sigi-sagan kable elektrikotik gugana iristen den musika.

Azken diskoa elegante defendatu zuen talde guztiak eta inprobisaziorako tarteak ere izan ziren. Marinba, baxu, gitarra, tronpeta, klarinete, tronboi eta abarrak, denak hizketan, edo hobe, elkarrizketan aritu ziren, eta solas horiek guztiak Felix Buffen bateriaren ohatzean etzaten ziren, eroso.

Orain, etxerako bidean, teilatu, larre eta zuhaitzen antzera, bizipen hauek guzti elurraren azpian ezkutatuak dirudite, izara zuri baten pean, hurrengo zuzenekora arte gordeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.