begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Balizko dibertimendu hori

2021eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Tabakaleran hasi zen gauzatzen. Aspaldi samarrean. Bertako egonaldi artistiko horietako batean. Aurtengo Zinemaldian izan zen, Zinemira sailean. Iruñeko Golem Yamaguchi areto nobleko pantaila partekatu izan du zubi aratz eta konstituzionalean Aita Mari filmarekin, eta Tolosako Leidor saloian izana da. Egiten ari da, bada, bere ibilbidea ohiko, betiko zinematoki komertzialetatik at. Eta hori seinale ona da; badira beste modu batzuk, beste era batzuk, beste pantaila batzuk, beste zirkuitu batzuk gure zinema ohiz kanpokoarentzat.

Aitor Merinoren Fantasia-z ari naiz, Malagako Zinema Jaialdian konplizitatez jositako kritikak jaso zituenaz; Asier eta biok lan txit esanguratsuan parte eta ardura hartu zuen Ainhoa Andrakak, Debako animaziozko zinemaldiaren Zuri Goikoetxea sortzaileak, eta Miguel Angel Llamasekin batera arras harrigarria den Non dago Mikel? zuzendu zuen Amaia Merinok idatzitako gidoia duenaz; zeinaren inguruan eta harira zinemaz mintzatzeko, ia denek aipatu baitute David Foster Wallaceren A Supposedly Fun Thing I'll Never Do Again saiakera.

Nik fedea diet aipatutako horiei guztiei (Foster Wallaceri barne, jakina). Konfiantza handia dut haiengan, inor gutxik hartutako erronkei aurre egiten dietelako, aurpegia eman. Fedea diet gustuko ditudalako beren kuadrillako kide hainbat. Ainhoa, esaterako, Maddi Barberren 592 metroz goiti-n ekoizle eragilea izan zen, eta Larraitz Zuazoren 163 días, la huelga de bandas hartan, gidoigile eta muntatzaile jardun zuen.

Beste aldetik, badakit (beste milak bezala), jaio zenetik, zinemak beti izan duela familien barne kontuetan sartzeko tentazioa. Kuxkuxero edo testigu, hasieratik gaurdaino eta biharko garaietan ere tentaldian erori zen eta eroriko da. Gozo edo minez.

Horren inguruan sortu zuen 1997an Jose Luis Guerinek bere Tren de sombras zeluloidezko hausnarketa. Kamerari afizionatu batek, ustez, filmaturiko irudi zahar-zaharrak aitzakia, abiapuntu, oinarri eta giltzarri harturik, Bresson, Keaton, Mekas eta Lumiere anaiak miresten dituen sortzaileak, zinemak hilik daudenak bizirik gordetzeko duen ahalmen kasik deabruzkoaz, banpirikoaz egin zuen berba, egin zuen irudi.

Hain gehiegi eta hain desegoki erabili izan den «Familia zoriontsu guztiak antzekoak dira; min bizian daudenak ditugu, alta, diferenteak» Tolstoiren esaldi famatua bultzadatzat hartuz eta buelta emanda, esan dezakegu zorion oneko eta txarreko etxe ia guztietan izan dela, belaunaldietan zehar, etortzear ziren ondorengoei familia horren berri emango zieten irudiak gordeko zituen tramankulurik. Orain objektu sakratuak bilakatu diren pasatutako garaietako Super8-ko kamera haiek, bideoa sortu zeneko beste horiek...

Egun, berriz, poltsikoko telefonoenak. Edo zinema egiteko gaitasuna jende makina bati zabaldu dioten kamera digitalak. Hori, kamera eta pantaila diren sare sozialetako hainbat ispilu aipatzeke.

Beraz, alde batetik, kamera dugu, eta, bestaldetik, gure familia. Gehi, denok desagertuko garenean munduan izan ginela kontatuko duen testigantza uzteko nahi menderaezina.

Hortik abiatzen dira Aitor, Amaia, Ainhoa, Zuri eta konpainia Fantasia burutzeko. Egia esateko, guztiok ez bagina garen sudur/mutur luze horiek, ez genuke zertan Fantasia-ri begira izan. Egia esatearren, segun eta nolakoa zure ikusle-izaera, lotsa antzeko zerbait sentituko duzu begi-buru-hezur-muinetan filmaren pasarte, une eta gune askotan: «Zergatik ari naiz begira ziurrenik ikustea ez dagozkidan irudi horiei? Zergatik piztu didate so egiteko desira?».

Kamera dugu, familia dugu; gehi, ikusleak kontrolatu ezingo duen bereak ez diren kontuetan sartzeko grina, aretoaren iluntasunak babesturiko gura kasik lizuna (ez naiz sexuaz ari... gogoko dut lizun hitzaren beluseko zera hori).

Eta badugu paisaia. Ez bakarrik merinotar senar-emazteen pisua, baita hamabost solairuko gurutzaontzi horietako bat ere, Venezia bezalako hiri magikoek beren inguruetatik bota nahi dituzten horietakoa, itsasoa zeharkatu eta kutsatzen duten arren merinotarrek itsasoari miresmenez begiratzeko modukoa. Fantasia izenekoa, jakina.

Horrela eta hor sortua da, Tabakaleran txikotak askaturik eta hainbat zinemalditan geldialdia egin ostean, aretoetan ainguraturiko pelikula hau. Nik txikiegia deritzot. Ederra da seme-alaba zinemagileak izatea, oroimenerako irudiak jaso ditzaten, baina merinotarra ez bazara...

Ez diot gidoi mamitsua aurkitzen. Eta barku kontuetan, Almandozen Sipo Phantasma nahiago. Ez bainaiz ni merinotarra.

Hala ere, bada betiereko gordeko duen irudi bat: aitona-amonen koadro hori. Bata balkoian, bestea, elegante eta amorante, so. Biak seduktore.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.