Haizea Barcenilla
BEGIZ

Beste hogei urte

2022ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Aurten Artium museoak hogei urte bete ditu; zahar sentiarazten nau ateak ireki zituenean ikasle nintzela pentsatzeak. Egia esan, ez dut Artiumen irekierako erakusketa argi gogoratzen. Ikaskide eta lagunekin hurbildu ginen zentro berria ezagutzera, eta hainbat erakusketa ikusi genituen bertan hurrengo urte parean, baina bikain gogoratzen dudan bakarra, zalantzarik gabe, Naia del Castillorena da.

Bi dira Naia del Castilloren erakusketa bereziki gogoratzeko arrazoiak. Lehena, nik ikasitako artearen historian artista guztiak hilda zeudela, edo heriotzatik hurbil; Naia del Castillo bizirik zegoen, oso bizirik, 30 urte ere ez zituen. Nire adinetik hurbil zegoen norbait artista izatea oso gauza arrotza eta deigarria egiten zitzaidan. Noski, banekien Arte Ederretako Fakultate bat existitzen zela, baina ehun kilometrora zegoen, beste hiri eta beste errealitate batean. Askori bitxia egingo zaie nire aitorpen hau, baina lizentziatura amaitu ostera arte ez nuen artista bizi bat ezagutzeko aukerarik izan.

Bigarrenik, nik ikasitako artearen historia hartan artista guztiak gizonak ziren. Ziur aski apunteen ertz batean emakumeren baten izena agertuko zen, bi esaldiko azalpentxo batez jarraitua (Frida ziurrenik, Mary Cassat, Sonia Delaunay), baina ageriki gizonen garrantzitik urrun. Eta hemen beste aitorpen bat: lizentziaturako lehen urte parean honek ez ninduen aztoratu. Ordura arte ikasi nituen liburuetan, ikusi nituen erakusketetan, ez zegoen emakumerik, eta naturalizatuta nuen horren atzean arrazoiren bat izango zela (alegia, ez zirela nahikoa onak). Artium ireki zen garaian hasi nintzen jasotako irakaskuntza feminista batzuk artearen historiarekin lotzen, eta desorekaz kontziente izaten.

Erakusketa hark begiak irekitzeko bidean zerikusia izan zuen. Garai hartako Artium ez zen museo feminista, eta Naia del Castilloren erakusketa ez zen erakusketa feministatzat aurkeztu. Baina Naia emakume gazte bat zen, sedukzioari eta etxekotasunaren esanahiari buruz hitz egiten zuena. Ordura arte ikusi nuen artetik asko aldentzen zen, eta beste arte mundu bat existitzen zela erakusten zidan.

Hogei urte pasatu dira eta Artium zein Artearen Historiako Gradua aldatu dira. Egun, Artium bada museo feminista. Artearen Historiako Graduko zenbait irakasgaietan ikuspegi feminista landua jasotzen da, eta iristen zaizkigun ikasle asko artearen historian patriarkatuaren marka irakurtzeko gai dira, ni haien adinean nintzena baino gehiago. Bidea oraindik luzea da, baina espero dut beste hogei urtean bai Artiumen bai Artearen Historiako Graduan autokritika egiten jarraituko dugula, gure ikasle eta ikusleei zein geure buruei kritikotasuna martxan jartzeko aukerak eskaintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.