Ismael Manterola
Artea. Begiz

'Bizkaia is different'

2014ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Azken urtean Arabako Arte Ederren Museoarekin lanean ibili naiz erakusketa proiektu batean. Erakusketaz gainera, katalogoa osatu dugu testu eta argazkiekin. Museo horretan ohikoa den moduan, euskaraz eta gaztelaniaz argitaratuko dira katalogoko testu eta xehetasun guztiak. Gainera, esan behar dut euskararen bertsioari arreta berezia eskaini diogula; bai nire aldetik, eta baita museoaren zuzendaritzaren eta Arabako Aldundiko Euskara zerbitzuen aldetik ere.

Normala den bezala, euskarazko eta gaztelaniazko testuak izaten dituzte Gasteizko Artium museoak argitaratutako arte katalogoek ere. Beste horrenbeste gertatzen da Gipuzkoako Diputazioaren ardurapean dagoen Koldo Mitxelenako erakusketa aretoak antolatzen dituen erakusketekin.

Sarritan, ez dugu askorik baloratzen testu horien garrantzia. Nahiz eta gehienetan itzulpenak izan, testu oso erabilgarriak izaten dira artearen irakaskuntzarako; batez ere arteari buruzko material eskasia daukagulako goi mailako hainbat ikasketa aurrera eramateko.

Horregatik, harrituta hartu nuen Guggenheimeko azken erakusketa ikusi ondoren Yoko Onori buruzko katalogoa. Bi hizkuntzatan erosteko aukera zegoen bai, baina gaztelaniaz eta ingelesez ziren bi aukera horiek; inondik inora ere euskaraz eta ingelesez edo euskaraz eta gaztelaniaz. Beti egiten omen dute horrela, eta gauza bera egiten omen dute Bilboko beste museo batzuek ere; tartean, Arte Ederren Museoak.

Hala da, bai. Bilboko Arte Ederren Museoak ez ditu katalogoak bi hizkuntzatan argitaratzen; hau da, orokorrean gaztelania hutsez jartzen dituzte salgai antolatutako erakusketen katalogoak.

Zein da desberdintasun horren arrazoia? Gipuzkoan eta Araban antolatutako erakusketetan ahalegin handia egiten bada arte katalogoetan euskararen presentzia ziurtatzeko, zergatik ez da ahalegin bera egiten Bizkaian? Euskal Herrian ditugun museo handienek eta oihartzun handiena dutenek euskaraz argitaratzeko inongo interesik ez dutela ondorioztatu behar dugu.

Fundazioak diren aldetik, ez dakit nola eragingo dien hizkuntzen legeak bi museo horiei, baina fundazio publikoak izanda (hau da, Jaurlaritzak, aldundiak eta udalak parte handiena dutenak) ez al dute gutxienez sentsibilitate handiagoa izan behar, nahiz eta legeak euskara erabiltzera ez behartu?

Adibidez, Yoko Onori buruzko katalogoa euskaratu balitz, euskal adarrean dauden Arte Ederren ikasle euskaldunek artista garaikide bati buruzko euskarazko monografia izango lukete. Gauza bera esan daiteke orain dela gutxi Arte Ederren Museoan ikusi dugun Regoyosen erakusketari buruz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.