Kritika. Musika.

Dela Italiatik, dela Errusiatik

2024ko martxoaren 10a
05:00
Entzun

EUSKADIKO ORKESTRA

Bere lehen sinfoniak izan zuen zorigaitzeko estreinaldiaren ondorioz, egoera mental penagarria pairatu zuen Rakhmaninovek, Dahl psikiatraren laguntza profesionalari esker gainditu ahal izan zuena. Behin osatuta, idazten hasi eta, hala, piano eta orkestrarako bigarren kontzertua amaitu zuen denbora gutxian. Estreinaldiaren arrakastak konposatzen jarraitzeko indarra eta ospea eman zizkion Rakhmaninovi, eta bere obrarik garrantzitsuenetakoak sortu zituen horren ondoren (ulergarria, 28 urte baino ez zituela aintzat hartzen badugu).

Pianista aparta izaki, bere idazkeraren mailan dagoen interpretea behar da partiturak biltzen dituen melodien norabidea, harmonia aberatsak eta, oro har, teklatuaren gaineko irudimena behar bezala garatzeko. Colliren ibilbideak eta Kursaalean erakutsitako hedapenak aditzera ematen du bikain egokitzen zaiola kontzertu honi. Folklore errusiarraren erroak presente, Moderato-an adierazten diren sumina eta bukaerako tragikotasuna kontraste bizian, Adagio sostenuto-anklarinetearekin batera garatzen duen pasartean fintasun osoz, amaierako koda distiratsura iritsi arte.

Ricardo Frizzaren batuta, batez ere, opera zirraragarriak bikain gidatzeagatik da ezaguna, baina argi dago errepertorio sinfonikoa tentuz eta sakontasunez zabaltzeko gaitasuna ere baduela. Agerikoak dira, beste ezeren gainetik, entzuteko ahalmena zein sekzioen berariazko uneak azpimarratzeko joera eta ezagutza. Straussen Aus Italien dinamikoan nabarmena izan zen instrumentuen jolasa, eraitsitako Erromaren handitasuna (ideia gisa bada ere), Sorrentoko hondartzatik datozen txioak eta algarak zein Napoliko herri-bizitza musikaren bidez ekartzen edo, aditzaren zentzu zabalean, errepresentatzen dituena. Metalen sekzioan egonkortasun handiagoa espero zitekeen arren, orkestraren soinuan oreka eta helmuga argia izan ziren nagusi, eta, oro har, beste emanaldietan baino hobeto atzeman zen modu garbi eta orekatuan koloreen aniztasuna. Denera, Kursaaletik aldarte onez ateratzea eragin zuen kontzertuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.