Angel Aldarondo.
Donostiako Nazioarteko 64. Zinemaldia. IGARLEAREN BITAKORA

Dena da tonua

2016ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Beti esan ohi dut zineman garrantzitsuena pertsonaiak direla beti. Ondo marrazturik, edozein gertakizun sinesgaitz irensteko gauza gara. Baina badago beste zerbait garrantzitsuagoa, pertsonaiak horren barruan baitaude: tonua. Hori da zinemagile baten benetako aberria.

Azpitestuarekin gertatzen den bezala, ez da erraza pelikula baten tonua zer den azaltzea, baina koherentzia eta estiloarekin du zerikusia. Berez, zuzendari batek hartutako erabaki guztiek baldintzatzen dute tonua. Onenek bakarrik dute tonu berezia lortzeko gaitasuna, gidoirik kaskarrenarekin ere zerbait itxurosoa egiteko gauza direnek.

Zinemaldian ere ikusi ditugu zenbait adibide, Que Dios nos perdone, bat aipatzearren. Rodrigo Sorogoyen zinemagileak tonu bikaina lortu du bere filmean, kontuan izanda thriller oso argitsua eta kostunbrista egitera ausartu dela. Beste adibide bat, Zabaltegi sailean Jeff Nichols zuzendariak —David Fincherren tonu-maisuaren ikasle nabarmena— Midnight Special pelikularekin Take Shelter filmean lortu zuen tonu liluragarria errepikatu du berriro. Gertuko adibideak ere badaude. Sail berean Koldo Almandozek Sipo Phantasma pelikulan sortutako tonu hipnotikoa aipatuko nuke; collage esperimentala izateko, meritua aitortu behar zaio.

Genero zinematografikoak nahastera ausartzen direnek are zailagoa dute tonu aproposa aurkitzea, eta behin aurkituta, tonu hori bidetik ez galtzea erronka handia da. Nocturama, As you Are eta Colossal filmei gertatu zaie, tamalez, atmosfera gorabeheratsuaren erruz.

Filmaren hasierako planotik, enkoadreak, erritmoak, musikak edo lehendabiziko hitzek tonu berezi baten aurrean gaudela adierazten digute. Zinemagile hauek lortzen dutena hitz batean laburtuz: magia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.