Ismael Manterola
Artea. Begiz

Disidentziaren museoratzea

2014ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Bi erakusketa interesgarri daude Bilboko Guggenheim museoan artearen alderdi ezberdinak ezagutzeko: Ernesto Neto artista brasildarrarena bat eta Yoko Ono artista ezagunarena bestea.

Biek dituzte antzekotasunak eta ezberdintasunak, baina biek lantzen dute Guggenheim museoak asko erakutsi ohi ez duen arte mota. Yoko Onoren kasua ezaguna da, akzio artean egin zuelako bere ibilbidearen hasiera, 60ko hamarkadan. Neto gazteagoa da, baina sumatzen da 60ko eta 70eko hamarkadan Brasilen landutako artearen inguruko jarrera berria. Lygia Clark eta Helio Oiticica bezalako artistek izugarrizko aztarna laga zuten Brasilen; eta gure artean 60ko hamarkadan egindako arteak itzal luzea laga badu, gauza bera gertatzen da Brasilen hainbat artista gazterekin; adibidez, materialen erabilpen askean edo bertako kultura indigenetara egindako hurbilpenean.

Netoren erakusketan arreta handiena pizten duena jendearen parte hartzea da, umeena batez ere. Bizitzeko edo erabiltzeko eskulturak aurkeztu ditu areto bat baino gehiagotan, eta horrek bizitasuna ematen dio normalean artelanetara asko ez hurbiltzeko gomendatzen duen museoari. Pena da instalazio batzuek erabilpen ordutegia izatea eta ondo gozatzeko aukerarik ez izatea. Adibidez, hiru proiekzio dituen oihal zuriz betetako aretoa. Hala ere, jendeak begiratzen ez zien lanak ziren agian interesgarrienak, adibidez Brasilgo hondartzetan saltzen den kokoaren aldeko aldarria egiten duen bideoa.

Yoko Onoren Half-a-Wind Show izeneko atzera begirakoa oso interesgarria da, ez bakarrik artista baten lana ezagutzeko, baita garai oso bateko artea ulertzeko ere. Gorabehera handiko erakusketa izan arren, gustura ikusi nituen hainbat eta hainbat lan mitiko: Cut Piece ekintza, adibidez, hain ezagunak ez diren beste batzuekin batera. 60ko hamarkadako ekintza joerek, hautematearen zabaltzea eta artea erakusketa aretoetatik edo galeriatik irtetea eskatzen zuten. Mota horretako artea museoan ikusteak duen kontraesana onartuta, gozatzeko modukoa da Yoko Onoren atzera begirakoa. Hala ere, ondo konturatzen gara arte merkatuak edozein gauza asimilatzeko gaitasuna izan duela 60ko hamarkadatik gaur egunera arte: ekintzak, jarraibide orriak, filmazioak, artistak erabilitako objektu arruntak, ekintzak utzitako arrastoak... Alde horretatik, pena pixka batekin begiratu nion Yoko Onok brontzearen erabilpenaren justifikazioari. Garai batean erabilitako betaurrekoak bezalako objektu arrunta brontzera pasatzean hartzen duen eskultura itxurak egindako ibilbide baten bukaeraren sinbolotzat hartu nuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.