Ismael Manterola
Artea

Distirak eta itzalak

2024ko urtarrilaren 9a
05:10
Entzun

Gabonetako argiak itzali diren aste honetan negua tristea irudituko zaigu. Eguberrietako egunetan eta aurrekoetan begientzat hainbeste estimulu izan ditugu ezen zaila egingo zaigun iluntasunaren isiltasunera ohitzea. Horrela bizi gara kapitalismoak sustatzen duen sisteman: zentzuei istant gutxi irauten duen arreta eskatzen dien distiretan. Zaila da imajinatzea nolakoak izan zitezkeen gure gurasoen txikitako Gabonak, kaleko argirik gabe, dendetako musika zaratatsurik gabe, telebistarik gabe eta jostailu elektronikorik gabe.

Gu Coca Colak asmatutako gorriz jantzitako aita Noel eta gero eta argi gehiagoz betetako hiri eta herrietan hazi gara, eta Gabon egunetako distirak txunditutako oporrak eskaini nahi dizkiegu gure umeei. Umeen aitzakiarekin Disney faktorian bizitzera ohitu gara urteko azken bi astetan. Dena polita da argi naturalaren ordez argi elektrikoz bete ditugun egun hauetan.

Sorpresa ikaragarria hartu genuen Juchiro Tanizaki japoniarraren Itzalaren laudorioa izeneko liburua irakurri genuenean. Itxuraz, tradizio japoniarrak ez zuen konpartitzen Mendebaldeko distiraren aldeko mirespena. Itzala edo itzal artean sumatu zitekeen argi printza eskas batek erakartzen omen zuen japoniarren arreta. Argiak itsututako kulturaren artetik gentozenok ez genuen ondo ulertzen emakume japoniarrek hortzak beltzez tindatzea. Gaur egun ezinezkoa izango litzateke gure jendartean horrelako ñabardurak ulertaraztea. Gu eta gure ondorengoak distiran hezi gaituzte, argia behar dugu, Vigoko alkatea eta bertara bidaiatzen dutenak horren lekuko. Heziketa estetikoa gizarte baten parte da, gustua (hain labainkorra den kontzeptu hori) eraiki egiten da, beste mila kontzeptu sozialen moduan. Gaur egun ederra iruditzen zaigunak iraganean ez zuen ia inoren arreta pizten eta alderantziz.

Garai bateko gustuaren hezitzailea zenak, arteak, beste gauza batzuen artean, orain ez du hainbesteko garrantzirik gure gustua moldatzerako orduan. Telebistak, bideojokoak eta, zer esanik ez, Internetek gure gizartearen espektatibak elikatzen ditu, influencer-en fenomenoa lekuko ederra da azken hau ulertzeko. Kontrakoa iruditu arren, gustatzen zaizkigun gauzak asko aldatzen dira denboraren poderioz, modari begiratzen badiogu ondo ulertuko dugu. Horregatik, sarritan pentsatu dut gure umeen eta gazteen heziketa estetikoan amore eman dugula. Arreta handia jartzen dugu beste heziketa mota batean, adibidez akademikoan, gutxiago baloreen heziketan, eta kasu gutxi egiten diogu heziketa estetikoari. Askatasunaren eta umeen autonomiaren izenean edozer onartzen diegu gure inguruko txikienei, baina seguru al gaude egiten ari garenaz? Zergatik utzi sareko edukiei bere lana egin dezaten guk galga jarri edo iritzia behintzat eman gabe?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.