Ibil Bedi 'Goldea'

Edertasunarena

2023ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Onartu beharra daukat: obsesionatuta nauka disko honek. Baina egiari zor, argitaratuta daramatzan aste gutxi hauetan jende dezenteri hori bera komentatzean, «ni ere bai» erantzuna jaso dut; beraz, zerbaitegatik izango da.

Ez dakit nondik hasi, eta zenbat gauza komentatzeko era berean, baina hitz bakarrean definitzekotan, zoragarria iruditu zait lana. Ibil Bedi talde nafarraren hirugarren lana da Goldea, eta lehenengo biek kritika oso onak izan bazituzten, honako honek espektatibak hautsi dituela esango nuke.Hainbat elkarrizketatan argi utzi dute ez dela disko kontzeptual bat, baina nolabaiteko lotura eman nahi izan dietela abestiei, eta horregatik hain bereizgarri egiten den ena atzizkia izenburuetan. Goldea-k aurrekoak irauli ditu, taldeak, naturalki gertatu ohi den bezala, eboluzio bat jasan baitu bai sorkuntzan bai ekoizpenean, eta horren zantzu nabarmenak nabaritu daitezke.

Beltxarga beltza hartako pop lasai eta goxotik aldendu eta dezente ilunagoa sortu dute Goldea, hemen ere pop doinuak nagusi diren arren, elektronikarekin jolasean aritu baitira, beldurrik izan gabe, esperimentatuz, eta arriskatzean sarritan irabazi egiten denez, hala gertatu zaie nafarrei, nire ustetan. Ez da iluntasuna (bakarrik), moldaketak dira, ahotsen erregistro ezberdinak, melodia nagusiak, detaile txikiak... Izugarria da instrumentuen arteko konexioa; bakoitzak bere espazioa eta protagonismoa hartu du, baina albokoarena zapaldu gabe, talde sendoaren izaera hori transmitituz.

Zer esanik ez ahotsekin. Plazer hutsa da taldekideak abesten entzutea, izugarrizko trebetasuna daukate ahotsekin jolasteko, tonu baxu eta altuen arteko saltoak bikain egiteko, erregistro ezberdinetan abesteko... Eta zer esan hitzei buruz, oso zaindu eta landuak, buruan iltzatuta geratzen zaizkizun esaldi askorekin: «Honek denak segituko du izaten sekula eginen ez dizudan deiaren zati bat», «Ez da duzuna behar duzunik, duzula jakin nahi duzu, hori bakarrik», edo «Hildakoek ez dute esango bizi hura hobea zenik», beste askoren artean.

Izugarri gustatzen zait abesti askotan momentu batetik bestera ematen den norabide aldaketa, kasik bi abesti ezberdin direla baitirudi, baina, era berean, bikain bateratzen dira bi zatiak. Momentu gorenetakoak iruditzen zaizkit ere buklean sartzen diren zati horiek —Perimetroarena-n kasu— edota Aitzurrarena-ren amaiera zorrotza. Eta zer esanik ez moldaketa elektronikoekin Erreminarena-n jolasean hasten direnean, edo abesti horretan bertan «egon, isilik egon» abesten dutenean hildakoak balira bezala.

Artelan bat iruditu zait disko osoa, hasierako koruetatik hasi eta amaierako lagunarteko entseguetako audio horiek integratzeko moduraino. Argitik zertxobait eta ilunetik dezente izan arren, edertasuna dario akorde eta soinu bakoitzetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.