Haizea Barcenilla
BEGIZ

Egunero galtzen duguna

2020ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Maya Agiriano hil zela entzun nuenean, bi hitz etorri zitzaizkidan segituan burura: beste bat. Aitortza publikorik gabe hil den beste emakume bat. Bere historia inork jaso gabe joan zaigun beste bat. Euskal Herriko arte munduaren memoriarentzako beste galera bat, mingarria, tristea. Beste huts egite bat: kritikariari, bere lanaren garrantzia ez delako ikusgarria egin, eta ondorengo belaunaldiei, transmisioan kale egin dugulako.

2016an, Kulturaren Behatokiak emakumeek ikusizko arteetan zuten presentzia aztertzeko bildu zituen datu batzuen inguruko iritzi artikulu bat eskatu zidan. Aurreko bizpahiru urteetako datuak batzen zituen bilketak, eta, zorionez, emakumeen presentzia areagotzen ari zela ikusten zen. Ez zen zaila areagotzea, aurreko hamarkadetan oso eskasa izan zelako. Hortaz, sisteman iraun zuten emakume gutxiek eta sartu berri zirenek irabazten zuten hobekuntzarekin, baina ez aurrekoek. Orduan idatzi nuena kopiatzen dut hemen:

Ā«Bidean gelditu diren, edo jarraitu duten arren ikusgarritasun eskasa izan duten emakume artisten lana berreskuratu behar da. Honetarako funtsezkoa da ikerketa. Bide desberdinak daude ikerketa hori bultzatzeko: museoek eskainitako bekak; Emakundek sortutako bekak; Unibertsitatearekin elkarlanean sortutako ikerketa proiektuak; doktore-tesi zehatzentzako ikerketa bekak. Museoek ere ikertu dezakete, erakusketak burutzeko alegia, aitorpenerako funtsezkoa den elementua. Behin hau eginda, nahitaezkoa litzateke formakuntzan emakume horien historia barneratzea, bai institutuetako eskuliburuetan, bai Arte Ederretako eta Artearen Historiako programetan, etorkizuneko artistentzat adibide izan daitezen eta gizarte mailan sortzen dugun identitate komunean presente egon daitezenĀ».

Lau urte pasatu dira eta eskasa izan da eragiteko indarra duten instituzioen erantzuna. Museoen aldetik eman dira aurrerapausoak: Bilboko Arte Ederren Museoak 80ko hamarkadako emakume artisten lana ikertzeko beka eman dio Garazi Ansari, San Telmok bildumako emakume artistetatik abiatuta erakusketa bat bultzatu du 2021erako, eta Artiumek bere erakusketa iraunkorrean berrikusketa feminista egin du. Baina funtsezkoa da ulertzea urtero galtzen den informazioa ikerlari pare batek jardunaldi erdian jaso dezaketena baino askoz ere gehiago dela.

Maya Agiriano ez zen artista, kritikaria baizik, baina urte askoan garrantzia izan eta gero erabat ahaztuta geratu den arte munduko emakumezko agentearen eredu garbia da. Espero dut merezi duen omenaldia egingo zaiola, baina honek zapore gazi-gozoa izango du. Izan ere, jendea hil ondoren sakralizatzeko ohitura duen historia dokumentalista baino nahiago dut biziak iraun bitartean bere oinarriak eta bere loreak eman ditzakeen ikerketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.