Juan Luis Zabala
Leonard Cohenen heriotza. IRITZIA

Ezer ez eta dena

2016ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Askotan galdetu izan diot neure buruari zer duten Leonard Cohenek eta haren kantuek hain soilak izanda halako indarra izateko. Nondik datorkien ezer ez eta dena izateko dohain hori. Beharbada orain, haren heriotza dela-eta argitaratuko diren artikuluetan, misterio hori argitzen lagundu diezadaketen zantzuak aurkituko ditut. Seguru nago ezagutzen ez genizkion gaiztakeriak ere aireratuko direla tartean: politikoak, ideologikoak, erlijiosoak, sexualak, denetarikoak... Baina ez dut uste horiek Leonard Coheni buruz pentsatzen dudana aldaraziko didatenik.

Nik neure hipotesia landu dut, funts gutxikoa seguru asko, baina neurea behintzat. Nik uste dut Leonard Cohen XX. mendearen bigarren erdiko Mendebaldeko Zibilizazioko gizonaren —gizon zuri, heterosexual eta osasuntsuaren esan nahi baita, jakina— eredu unibertsal bat izan dela, gizon horren aldaerarik onenaren irudi bat, gizon horren gailur moduko bat. Reader's Digest aldizkariko heroi izan zitekeen duela 50 urte, eta hala izaten jarraitzen du gaur egun gutxieneko kosmopolitismoa erakutsi nahi duen edozein argitalpenetarako. Gaurkoak izango dira urte osoko egunkaririk dotoreenak!

Hemen hauetan denok —eta ez bakarrik gizon zuri, heterosexual eta osasuntsuek—, aldez edo moldez, lortu nahiko genukeen dotorezia neurtu eta apalaren xarma izan du beti, aitorpen sakon batetik lohituta irten ondoren ur aratzetan garbitu eta, ostertzari begira, guztizko zintzotasuna agintzen dizunaren erakarmena; barre algararik, kirol-erakustaldirik eta zakarkeriarik gabeko limurtzaile petoa. Denok nahi izan dugu, inoiz behintzat, Leonard Cohen izan, edo, bestela, Leonard Cohenek limur gaitzan; edo biak batera.

Leonard Cohen entzuteak dotore izateko gogoa pizten digu; aratzak, zintzoak, alferrikako apaindurarik gabeko kemen baten jabeak izateko gogoa; bekatariak otoitz egitean aurrerantzean eta beti zintzo izateko sentitzen duenaren antzeko gogoa. Gero eguneroko bizitzak berehala zarpailtzen bagaitu ere, bekatari damutua berriro ere bekatuaren lohira amilarazten duen bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.